Azken eragiketak

Jarraian, errementariak piezaren angeluei azken ukitua ematen die, gehienetan eskuz eta beste pertsona baten laguntzaz. Horretarako, piezak kurrikarekin heltzen ditu, esku batekin, eta ingude gainean jartzen ditu. Beste eskuarekin, deformatu nahi duen puntuaren gainean mailu laguntzaile bat jartzen du, eta bitartean, errementariaren laguntzaileak zona hori mazo batekin hainbat aldiz kolpatzen du.

Jarraian, bi besoak errematxearekin elkartzeko, bihotzean zulo bat egiten du. Zulo hori, pieza oraindik beroa dagoela egiten da, gainean puntzoi bat jarri eta eskuzko borra batekin kolpatuz.

Gero, errematxea egiten du. Horretarako diametro jakin bateko haga behar du. Berotu ondoren, puska bat mozten du, ingudera lotuta dagoen taielaren gainean jartzen du, eta mailuarekin kolpatzen du.

Hori bukatu ondoren, kurrika muntatzen du: beso bat bestearen gainean jarri eta errematxea sartzen du. Gero kurrika ingudean finkatu eta bi aldeetatik kolpatzen du, errematxea ondo zapalduz. Horrela, bi aldeetan errematxearen buruak zapalak eta lauak geratzen dira, bi besoak behin betiko lotuz.

Azkenik, puntei behar bezalako akabera eman eta erremintari azken ukituak emateko, kurrika berriz ere sutegian berotzen du. Gero, kurrika horrekin landu beharreko pieza hartu, eta ingude gainean mailuz lantzen du. Horrela akatsen bat dagoen ikusten du, eta azken ukituen bidez horiek konpondu eta behin betiko tamaina ematen dio kurrikari.

Eragiketa baten eta bestearen artean, pieza hoztu egiten da, eta berriz ere sutegian berotu behar du, ikatz galda tartean. Rikardok ahalik eta ikatz gutxien erabiltzen du, sutegiak ahalik eta bero gutxien botatzeko. Horrez gain, bertzunarekin ikatza sutegiaren erdian pilatzen du.

Aipatutako kurrika egiteko, errementariak ordubete eta hamabost minutu behar ditu. Lan guztia eskuz egiten du, pieza behar denean sutegian berotuz eta pieza ingude eta mailuarekin behar den lekuan kolpatuz. Lanbidea oso ondo ezagutzen duenez eta eskarmentu handi duenez, badaki zenbat material behar duen atal bakoitza egiteko, eta horrela ez du materialik gehitu edo kendu behar kurrika egiteko.