Labanak egiten

Aurrerago esan denez, Díaz sendikoek ezpela erabiltzen dute gehienbat kirtenak egiteko.

Beraiek hartzen dituzte ezpel adarrak mendian. Zuhaixkari adar luzeak mozten dizkiote eta gero lehortzen edukitzen dituzte lantegian bertan gutxienez bi urtez.

Duela gutxira arte mendian hartzen zuten ezpela, baina gaur egun kontsumoak gora egin duenez eta egur mota hori ugaria ez denez, beraiek landatzen dute ezpela beren lurretan; horrela, egurraren horniketa ziurtatuta daukate hamarkada batzuetarako.

Egur bilketa beraiek landutako zuhaixkaren adarra aukeratuz hasten da. Tamaina eta batez ere lodiera kontuan izanik aukeratzen dute moztu beharreko adarra; batzuetan zuzena aukeratzen dute egin beharreko labanak hala eskatzen duelako, beste batzuetan ordea adar okerra komeni zaie eginkizun berezitarako. Azken batean, fabrikatu nahi den produktuak agintzen du aukeraketa.

Aukeratutako adarra zerra batez moztu ondoren, lokailu batekin mahaian lotzen dute, eta metalerako eskuko zerra batekin ebakidura bat egiten diote luzetara: hor sartuko da labanaren xafla zorroztua, tolesterakoan. Ondoren, ertz batean jangune edo errebaje bat egiten diote; jangune horrek 2 milimetro inguru izaten ditu berezko azaleratik barrura, eta zirkularra izaten da oso.

Lan hori guztia eskuz egiten dute, laneko mahaiari lotutako marraza edo ganibet batekin lehenbizi eta gero, egurra lokailuz lotuta dagoela, arraspa batekin.

Artisauek behin eta berriz askatzen dute pieza, eta txirbilak kenduz lana ondo doan ikusten dute, batez ere egurraren biribiltasunari dagokionez.

Ondoren, paper batekin, kirtenaren ertz batean jarriz, lodiera eta luzera neurtzen dituzte, eta horrekin eredua prestatzen dute, gero eraztuna, uztaia edo galanda egiteko. Xaflari eutsiko dion ertza indartzen duen eraztun hori altzairu herdoilgaitzezko xafla zati batekin egiten dute. Eskulangile hauek eskuzko ebakigailu batekin mozten dituzte xafla zati horiek; moztu ondoren, eraztun forma ematen diete mailu kolpez. Horretarako, metal zatiak molde txiki baten jartzen dituzte; ingudearen gainean jartzen duten molde horrek zilindroerdi formako barrunbe bat dauka, metal xaflei kurbatura emateko. Lanari akabera emateko mandril bat erabiltzen dute, pieza kolpatuz egoki den forma bilatzeko.

Kolpeak gora eta kolpeak behera, tarteka-marteka labanagileek pieza askatu eta ea xafla kirtenean doitzen den ikusiz aritzen dira, zehaztasunez txertatzen dela egiaztatu arte.

Ondoren, uztai edo eraztunaren bizarrak kentzen dituzte lima batekin, kirtenera doitzen dute eta kirtenaren azalean zirkuluak eta marra apaingarriak egiten dituzte, momentuan momentuko gustua zein.

Kirtena prestatzeko prozesu hori guztia amaitu ondoren, xafla ahoduna edo alde zorrotza duen prestatzera jotzen dute. Horretarako altzairu herdoilgaitza (Cr-Mo-Va) erabiltzen dute, 0,40 karbonoa duena; ohiko labanak 2 milimetroko lodiera izaten du. Lehengai gisa zerren xaflak eta lima hondakinak ere erabiltzen dituzte. Aldez aurretik, metala kirtenaren gainean jarriz labanaren xaflak izango duen tamaina kalkulatzen dute, xafletan erreferentzia akats batzuk eginez.

Labanagileek altzairuzko xafla luze bat hartu eta ertza eskuz forjatzen hasten dira. Horretarako, sutegian berotzen dute harrikatzaz egindako sutan. Metalak sutan hartzen duen koloreaz atzematen dute metala lantzeko tenperatura egokian dagoela. Behin hori ziurtatuz, ingudean jartzen dute eta gubiarekin kolpatzen hasten dira; kolpe zehatzak emanez, xafla zabaldu eta mehetu egiten da albo batean; beste alboari hasierako lodiera uzten diote. Baina, pieza azkar hozten denez, berriro sutan sartu behar izaten dute berotzeko; hala jarduten dira, kolpeak eman eta berriro berotu, behar den taxua lortu arte.

Tarteka-marteka, lantzen ari diren xafla bere kirtena izango denarekin alderatzen dute, eta alde batean edo bestean kolpatzen, eman nahi dioten forma lortu arte. Batzuetan soberakinak kendu behar izaten dizkiote xaflari eskuzko metal ebakigailuaz, batez ere ertz bat zorrotz utzi arte.

Gutxi bat gorabehera eman nahi dioten forma lortu ondoren, jada xafla hoztu denean, limarekin akats bat egiten diote ertz batean kirtenari lotzeko. Horretarako, ea xafla kirtenaren egurrera egokitzen den ikusten dute eta beharrezkotzat jotzen badute, lima batekin doitzen dituzte xafla eta kirtena. Ondoren, eraztuna jartzen diote kirtenari eta xafla ebakiduran sartzen, ea ondo tolesten den ziurtatzeko. Azken lan horri “kirtena aurkeztea” deitzen diote.

Hiru piezak horrela kokaturik, hirurak batera zulatzen dituzte zulagailuarekin; hartara, hirurak batera horrela zulaturik, pieza guztiak ahokatuta gelditzen dira eta beste labana bateko pieza bakar bat ere ez da doituko multzo horretara. Ondoren xafla desmuntatzen dute (xafla oraindik forjatik atera bezala dago) eta zorrozteko makina batekin punta eta bizkarra lantzen diote bukaera emateko.

Antonio semeaAntonio semea, altzairuzko xafla batetik moztu duen labana xafla forjatzen. (J.M.I. argazkia)

limazXafla forjatu ondoren, limaz egokitzen da kirtenaren forma eta tamainara. (J.M.I. argazkia)

ZorrozteaZorroztea, gainontzeko lanak bezala, eskuz egiten da. (J.M.I. argazkia)

Xafla harri urratzailez leuntzen daXafla harri urratzailez leuntzen da; horretarako eskulangileak abilezia handia eta esku ona behar ditu. (J.M.I. argazkia)

labana garbitu eta berniz geruza bat ematen zaioAzkenik, labana garbitu eta berniz geruza bat ematen zaio. Mahai gainean, lerro-lerro, amaitutako labana pilo bat. (J.M.I. argazkia).

Ondoren, labanagileek beren zigilua grabatzen diote xaflari jatorri izena bermatzeko: A bat lantegiaren ezaugarri eta Taramundi herriaren izena. Horretarako, xafla berriro goritzen dute, eta hizki grabatuak dituen moldea mailu batekin kolpatzen.

Era berean, eta beste molde batekin eta mailukada batez, ebakidura txiki bat egiten diote xaflari atzamarreko azkazala sartu eta xafla kirtenaren ebakiduratik ateratzeko.

Ondoren, xafla gozatzera jotzen da: sutan goritzen da altzairuari laranja kolore argia eman arte eta berehala uretan sartzen da suhatzarekin helduz.

Jarraian, xaflaren azala arteztu behar da. Horretarako zorroztarri biribil bat erabiltzen dute; horren diametroa gutxi gorabehera metro batekoa izaten da eta lodiera, 10 zentimetro inguru. Harriak abiadura apalean ematen ditu birak, eta birak eman ahala ur turrusta batez bustitzen da.

Zorroztarri birakariaren aurrean zurezko banku bat, gainean ohol zabal bat duela pixka bat makurtuta. Zorrozketa lanerako, langileak ohol horretan etzaten dira ahuspez, bestela “bizkarrezurra nekatu” egiten omen da. Egoera horretan labanaren xaflari eskuekin heldu eta zorroztarrian zapaltzen dute, xafla leunduz eta ahoari forma emanez eta zorroztuz. Behin eta berriro gelditzen dute zorroztea, xafla hartzen ari den forma eta akabera egokia diren ikusteko.

Gurpila langilearengana ari denez biraka, zorrozten ari dena busti egingo litzateke; holakorik gerta ez dadin, txano eta guztiko elastikoa jantzita lan egin behar izaten du zorrozten ari denak.

Ondoren, labanaren hiru piezak muntatzera jotzen dute: kirtena, xafla eta eraztuna. Horretarako, azken hori bere lekuan jartzen dute, baina lehenbizi kolatzat erabiltzen duten beira-zuntz pixka batez ukitu bat ematen diote; ondoren, xafla sartzen dute kirtenaren ebakiduran. Piezak horrela muntaturik, xafla eta kirtena lotuko dituen ardatza edo errematxea sartzen diote. Ardatza ohiz iltze bat izaten da (iltze arruntak erabiltzen dituzte, nor berak nahi duen luzerakoa moztu ondoren), eta sartu ondoren bi ertzak zapaltzen dizkiote mailu batekin kolpatuz.

Azkenik, lanari behin betiko akabera emateko berniza ematen diote kirtenari trapu batekin.