Laburpen historikoa

Juan Garmendia Larrañagak, bere obra osoetan, adierazten du azken zahatogilea Ordizian zegoela.

Martin García Garmendiari esker, 1924an Ordizian uhalgile bat ageri zen jada, Diputazio Probintzialari 45 pezeta ordaintzen baitzizkion urtean industriako matrikulagatik. Marcelino Santamaría zen, burgostarra jatorriz. Honek Urdaneta kalearen 15ean zeuzkan -numerazio zaharrean- etxea eta lantegia. Orduan azurmenditarren gasolindegi zaharraren inguruan zen, Urdaneta kalearen sarreran ia-ia. Jakin ez dakigu, baina, noiz utzi zion lanari lehen uhalgile honek.

Ordizian oraindik zahatogintzan ari den saga péreztarrena da. Aitona, Domingo Pérez Marín, Cornagon jaio zen, Errioxan. Handik Lizarrara aldatu eta, gero, Etxarri Aranatzera jo zuen. Zahatogile-uhalgile izateaz gain, larrugin aditua zen halaber. Etxarri Aranatzetik Ordiziara joan zen, bera bakarrik, 1934 inguruan, eta bertan finkatu zen behin betiko. Denbora pixka bat igarota ekarriko zuen familia Ordiziara. Domingo Pérezek Kale Nagusiko bere lantegian egin zuen lan hasieran, lehengo Central-Hispano bankuaren ondoan, eta gero Ordizia kalera aldatu zen. Biloba Txominek esanaren arabera, 1963an hil zen.

Semea, Jose Ignacio Pérez Villanueva, 1931ko urtarrilaren 26an jaio zen, Lizarrako Puy kalean. Hiru urte zeuzkala iritsi zen Ordiziara. Aitarekin hasi zen lanbidean, eta Madrilgo Maestranzan hiru urte egin zituenez soldadu, bere famili lanbidea ikasi eta perfekzionatu zuen hiri hartako Lanbide Eskola izen handikoetan. 2005eko abuztuaren 17an hil zen. Olaberriko Aristrain siderurgiaren biltegian ere egin zituen urte batzuk, baina sekula ez zen industriako lanarekin ohitu eta, azkenean, bere zahatogile-uhalgile lanera itzuli zen, Samperio kalean finkatuta.

Eskulangile familia honetako azkena, oraingoz, Domingo Pérez Marínen biloba da, bere aurrekoen lanbidean segitu baitu. Txomin Pérez Olalla da, Ordiziako egungo zahatogile-uhalgilea, gaur egun industriako jantzi eta tresnerian buru-belarri ari dena egun egiten dizkioten uhalgintzako enkargu txikietan baino gehiago. Txomin Ordizian jaio zen, 1961eko martxoaren 6an, eta 14 urteez geroztik ari da familiaren lanbidean. Lantegia eta bulegoak Ordiziako Samperio kale aipatuko etxabeetan dauzka oraindik.