Lan-baldintza txarrak

Orokorrean, galdategiko lanerako indar fisiko handia behar zen, oso garabi gutxi zeudenez, molde oso astunak eta hondarra ere eskuz maneiatu behar izaten baitzen. Horren ondorioz, langile asko eta asko baserritarrak izaten ziren, lan horietarako indar handiagoa izateaz gain, horrelako lanak egiteko prest egoten baitziren.

Usadioz, lantegiko ingurumen baldintzak nahiko txarrak izaten ziren, langileek hondar eta hauts artean egin behar izaten baitzuten lan.  Burdinurtua moldeetara isurtzean eta gero hozten uztean, zipriztinak eta kea sortzen ziren, eta horrek ere inguruko baldintzak oraindik kaltegarriagoak bihurtzen zituen.

1959tik aurrera egin ziren erreforma ekonomikoek ahalbidetu zituen teknika eta makina berriei esker, galda-industria modernizatzen hasi zen. Hala ere, gaur egun, pieza handiak serie txikitan edo banaka egiterako orduan, duela hamarkada batzuetako lan-teknikak eta gogortasuna mantentzen dira, eta horretarako ezagutza eta eskarmentu handia duten langileak behar izaten dira.