Makinak zuzentzea

Makina-erreminten eraikuntzan, iraganean besteak beste konpondu behar izaten zen arazoetako bat makinen orga mugitzen zuen bankada behar bezala lerrokatzea zen. Horretarako garai hartako doitasunarekin galdatutako piezak hartu eta arraboletan mekanizatzen ziren.

Garai hartako ekoizpen-baliabideen kalitatearen ondorioz, eskuratzen ziren mekanizazioek ez zuten nahikoa doitasun izaten. Horren ondorioz, errasketariek eskuz doikuntzak egin behar izaten zituzten. Horretarako banaka karrakatzen zituzten, errasketa izeneko tresna berezi bat erabiliz.

Langileak tresna bi eskuekin hartzen zuen, eskuineko esku-azpia kirtenaren kontra jarrita eta ezkerrekoa errasketaren erdiko aldea estaliz. Ibiltartean tresna aurrerantz asko estutzen zuen, eta atzerantz egiterakoan askatu egiten zuen. Horrela, lantzen ari zen piezaren eremu txiki batetik milimetro-ehunen bateko puska txikiak erauzten zituen.

Aldez aurretik, langileak materiala piezaren zein ataletan kendu behar zen zehazten zuen. Horretarako erregela eta haitzurdinez osatutako gainazala Prusiako urdinez estaltzen zen. Substantzia horri minio ere esaten zitzaion, seguru asko beste garai batzuetan anila ere erabili baitzen. Kolorea zuten piezak zuzendu beharreko gainazaletan labaintzen ziren, horrela erregelak edo haitzurdinak irtenguneak edo gorabeherak urdinez markatzeko. Gainazaleko gorabeherak handiak baziren, markak urdin ilun kolorea izaten zuten, eta txikiak baziren, berriz, alderantziz. Horri esker, errasketariak bazekien zenbat material erauzi behar zuen kasu bakoitzean.

Askotan milimetro bat material erauzi behar izaten zen, eta lan hori egin eta beharrezko kalitatea eskuratzeko, lanordu asko behar izaten zituzten errasketariek. Lau metro luzerako bankada baten kasuan, duela berrogei urte 500 ordu eman zitzaketen errasketatzen, eta horrez gain azken ukitua emateko errasketatzea ere gehitu behar zitzaion. Bigarren errasketatze hori finagoa izaten zen, eta ezkata antzekoak edo mosketatuak, egiten zitzaizkion piezari, kalitate onaren seinaletzat jotzen zirenak.

Mekanizazioaren lehen eragiketen baldintzek eragin zuzena izaten zuen pieza hark beharko zituen errasketa orduekiko. Izan ere, errasketariek makinen akatsak eta doitasun gabezia zuzentzen zituzten. Makina-erremintak egiterakoan planeagailuak erabiltzen hasi zirenean, bankaden akaberan doitasun handiagoa lortzen hasi ziren, eta ondorioz, poliki-poliki errasketari kopurua gutxitzen joan zen. Halaber, milimetro ehunenaren ordez, milimetro milarena erabiltzen hasi ziren erreferentzia unitate gisa.

Errasketatzeko trebetasun eta eskarmentu handia behar zirenErrasketatzeko trebetasun eta eskarmentu handia behar ziren (Argazkia Amaia Ros).

ErrasketariaErrasketariak piezaren gainazal osoa minioz estaltzen du, landu behar dituen eremuak antzemateko. (Argazkia Amaia Ros).

ErrasketariaGero eta erraketari gutxiago behar badira ere, oraindik ere makina-erreminten eraikuntzako beste prozesuetan paper garrantzitsua dute (argazkia Amaia Ros).