Produktuak, bitartekoak, lanabesak

Zesta-punta jokorako xisterak egiten ditu Miguel Angelek. Aurrelarien xisterak 63 cm neurtzen ditu puntatik takora (eskua sartzen den lekura). Atzelarien xistera, aldiz,  handiagoa da, 67-68 cm neurtzen ditu. Bien zabalera 12 zentimetrokoa da. Hasi berriak diren jokalari gazteek tamaina txikiagoko xisterak erabiltzen dituzte, 52-54 zentimetro artekoak.

Xeragilearen funtsezko beste lana xisterak konpontzea da. Pilotari profesionalen xisterak konponketak behar izaten dituzte. Atzelariek adibidez, pilota indar handiagoarekin jasotzen dute eta bi partidatik behin zume apurtuak konpondu behar izaten dira.

Xistera egitenXistera egiten. (Argazkia: C.U.).

Miguel Angel Arriagak eskuz egiten ditu saskiak. Hamar metro karratuko lantegi batean aritzen da. Bertan, arrabotatzeko makina txiki bat du. Amaiturako saskiak eta amaitzeke dituenak apalategi batzuetan jartzen ditu, baita erabiltzen dituen materialak ere. Artisauak aulkian eserita lan egiten du.

Arraspak, mailuak, puntzoiak, xaflak, aliketak, metroa eta arkatza dira, besteak beste, erabiltzen dituen tresnak.

Materialaren prestakuntzan adituak diren Astigarragako edo Usurbilgo hainbat profesionalen bidez eskuratzen ditu uztaia egiteko gaztainondoa eta saskia josteko zumea. Lehenengoa, Euskadiko basoetan lortzen da, bigarrena, berriz, Salamancan. Gaztainondoak 3-7 urte bitartekoak izatea komeni da, izan ere berez bikaina den material horrek malgutasun handiagoa lortzen du. Hori ezinbestekoa da zesta-puntan aritzeko. Gainontzeko materiala, hau da, larrua, orratzak, haria eta argizaria gertuko herrietan aurkitzen ditu.

Xistera dagoeneko aurreratu samarraXistera dagoeneko aurreratu samarra. (Argazkia: C.U.).