Produkzio prozesua eta merkaturatzea

Produkzio prozesua itxuraz erraza da, baina, jakina, artisauaren ezagupen eta abileziarik gabe azken emaitza (produktuak) ez litzateke ona izango.

Lehenik eta behin artisauak egurra aukeratzen du. Behin hori egindakoan, nahi duen neurrira mozten du esku zerra edo zerra mekanikoa erabilita, lehengaiaren gogortasunaren eta moztu behar duen egur kopuruaren arabera, eta bi aldeak zizel batez markatzen ditu. Ondoren materiala tornuaren puntuen artean lotu, eta torneatzen hasten da batez ere gubiarekin, eta noiz edo noiz trintxarekin. Tresna horiek bi eskuekin eusten ditu eta makinaren ondoan duen euskarri-gida baten gainean jartzen ditu.

Ondoren, tornuan landutako piezari, bertatik desmuntatu gabe, leuntzeko makina pasatzen dio, ale desberdinetako lixa jarrita. Azkenik, ondoko gela txiki batean argizaria, olioa, laka edo berniza ematen dio, produktu motaren arabera. Zenbaitetan (pinportak edo zerrautsa itsatsita geratzen direnean) leuntzeko makina pasatzen du lana biribiltzeko.

Produktuak hainbat pieza dituenean eta horiek elkarretaratzea beharrezkoa denean, kolaz itsasten ditu. Bukatzeko, lanak eskuz margotzen ditu, bana-banaka. Lehortutakoan distira ematen die.

Fabrikatzen dituen produktuekin, funtsean, haurren jostailuek sortzen duten eskariari erantzuten saiatzen da Josu Carballeda, eta neurri txikiago batean helduentzako produktuak egiten ditu. Batzuk apaingarri gisa erabiltzen dira.

Produktuak merkaturatzeko Azoketara jotzen du, batez ere artisau azoketara (urtean hamabi inguru izaten dira). Saltzeko ez du beste biderik erabiltzen, produzitzen duen guztia azoketan saltzen baitu.

Saltzeko prezioak ezartzerakoan kontuan hartzen ditu erabiltzen duen materialaren kostua gehi produktu bakoitza egiteko behar duen denboraren araberako prezio aldakor bat.

Informazio-emaile nagusiena: Josu Carballeda Cava.

TornoJulen Zabaletak era honetan ikusten ditu torneatzeko lana eta Josu Carballedak fabrikatutako produktuak.

TornoTornuan landutako pieza baten xehetasuna . (Carmelo Urdangarin 09/02)