Produkziorako bitartekoak

Artisau hauek 50 m2 (12 m luze eta 4,5 m zabal) inguruko tailerra dute, eta 20 m2 (5 m x 4,5 m ingurukoa) solairuarte bat, biak azoka batean kokatuak.

Lokalean honako makineria dute: eskuzko bandazko lizamakina bat, 10 cm-ko zabalera duena, eskuzko zulagailu batzuk, rotaflex makina ertzak lizatzeko, zurgin tornua xurgagailu eta guzti, zerra ingletadora eta inguratzeko beste zerra bat. Horietaz gain, beste hainbat ditu, hala nola pintura aerografikorako instalazioa eta horri dagozkion pistolak, eta serigrafia pantailak puzzleetan hizkiak grabatzeko.

Erremintei dagokienez, berriz, hemen aurkituko ditugunak zurgintza tailerretan aurki litezkeenak direla esan behar da: gubiak, zizelak bolak egiteko, eskuzko marrusketak, garlopak, gramilak, sarjentak, limak eta lizpapera, beste hainbat tresnen artean.