Tabako-belarraren laborantza Gipuzkoan

Aurrean aipatutako autoreek adierazten dutenez, Gipuzkoan tabako-belarraren laborantzako lehen baimenak 1932-1933ko kanpainan eman zizkieten Legazpiko honako bost baserritarrei: Zoilo Aldasoro Elorza, Bernabe Aranguren Mendizabal, Cayetano de Elorza, Manuel Ugalde Otegi eta Faustino Iñurritegi. Bost baserritar horiek guztira10.000 landare hazi zituzten.

Legazpiko bost laborari aitzindari horien atzetik beste 78 baserritarrek jaso zuten baimena hurrengo kanpainan. Aretxabaleta, Zestoa, Eibar, Arrasate, Orio, Mutriku, Soraluze, Zarautz eta Zumaia izan ziren baimendutako baserritarren herriak; guztira 32.638 landare, hau da, 420 landare batez beste baserritar bakoitzeko, kopuruan Bizkaia eta Nafarroaren aurretik, baina Asturias eta Kantabriaren atzetik. Tabako barietate nagusiak Maryland eta Havanoa ziren. Tabako-belarraren laborantza indartuz joan zen hurrengo urteetan eta 1935-1936ko kanpainan 80 baserritar ari ziren tabakoaren laborantzan; guztira 109.000 landare hazten zituzten, hau da, 1.360 batez besteko. Aretxabaleta, Orio, Zumaia eta Tolosa ziren gehien ekoizten zuten herriak.

Eustaquio AlberdiEustaquio Alberdi “Kondekua” bere tabako baratzean 1950. urtearen aldera. (Alberdi familiak utzia).

Tabakoaren laborantzak Gipuzkoan izan zuen hedapenean eragin handia izan zuten gure probintzia barnean hartzen zuen 5. Zonako ingeniari buru Adalberto Picasok eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ignacio Gallastegik. Sarri ikusten omen ziren biak "igandetan mezatatik irteterakoan, herrietako eliz atarietan lagunarteko solasaldiak egiten eta baserritarrei tabakoaren laborantzak ematen zituen onurak azaltzen". 1936. urtetik aurrera, eginkizun horretan aritu zen, halaber, Agustin Alonso de Taramona, eta horren atzetik Manuel Llanos, baina aipagarriak dira baita ere Candido Muñagorri eta Teodosio Goñi perituak. Ezin aipatzeke utzi Gipuzkoako Foru Aldundiak berak ematen zituen laguntza tekniko eta ekonomikoak, zerikusi handia izan baitzuten hedapen horretan.

Aipatutako urteen ondorengoetan, tabakoaren laborantzako lurrak gehituz eta gehituz joan ziren. Hala, 1946. urtean 36 herriko 200 laborari ari ziren eginkizun horretan, guztira 700.000 landareekin. Baina laborantza honek 1957-1958ko kanpainan jo zuen goia 37 herrietako 407 baserritarrekin eta 2.373.000 landareekin. Horietan guztietan hiru eskualde ziren garrantzitsuenak: bata, Oria ibaiaren arroa hartzen zuena, zabalena zelako; bia, Gipuzkoako kostaldetik hurbileko ibarrak; eta hirua, Eibartik Oñati arteko zona.

Tabakoaren laborantzak atzerakada handia izan zuen ondorengo kanpainetan. Hala, 1964-1965 bitarteko kanpainan 18 herrietako ehun eta zazpi baserritar baino ez ziren tabako-belarraren laborantzan ari zirenak, hots, bost urte lehenago aritzen zirenen ia laurdena. Landareak, ordea, 545.000 ziren, 5.100 batez beste ustialeku bakoitzeko.

Lorenzo ManterolaLorenzo Manterola “Kondekua”n tabakoa kimatzen XX. mendearen erdialdera. (Alberdi familiak utzia).

Iragan mendeko hirurogeita hamarrekoan laborantza honen garrantziak izan zuen ahulaldian, ia erabat desagertzerainokoan, erabakigarriak izan ziren, baserritarren iritziz, etekin handiagoko beste lan aukera batzuk, batez ere industriaren arloan sortu zirenak. Baina aditu batzuen esanetan, ahulaldi horretan izan zuen zerikusi beste herrialde batzuetako konpetentziak; eta bada esaten duenik ere beheraldi horretan "urte batzuetan laborantzak lur jota utzi zituen lizun urdinak" ere izan zuela eragina.

Gipuzkoako tabakoa kalitate onekotzat jotzen zen, eta hori tabakoaren laborantzako lur eta klima egokiari eta baserritarren abileziari zor omen zitzaion. 1934-1935eko kanpainan, Kantauri osoko zonan Beasainen ereindakoa izan zen kalitate onenekoa; horko tabako-belarraren kiloa 3,75 pezeta ordaindu zen. Zumaia, Hondarribia eta Zestoan ereindakoek ere onespen handia izan zuten.

Cultivo de tabaco

Cultivo de tabaco

Cultivo de tabaco