Tresnak eta materialak

Ontziolako arotzek ontzi oholeztatu ondoren, istinkatze edo “kalapatua”-ri ekiten zitzaion, ura ontzi barrura sar ez zedin.

XVIII. mende bukaeran, horretarako erabiltzen ziren tresnak “moila bat, bost burdin tamaina, gubia bat, iztupa zaku bat eta hiru laztaben tamaina" ziren. 150 urte geroago, tresna nagusiak edo “kalapatutzeko erramintxak” lau ziren, beste erreminta osagarri batzuez gain. Lehenen artean hiru zizel edo "trintxa" erabiltzen ziren, 1 eta 3 mm arteko lodierako punta zabalak; baita ere zurmailu bat, muturrak metalezko eraztunekin helduta zituena, erabileragatik ez irekitzeko. Bigarrenen artean, aipagarriena punta okerreko gubia bat da, konpontzen ari ziren ontzien kroskoko zur-oholen artetik iztupa edo kotoia ateratzeko erabiltzen zena.

Itsasarotz zaharrek gogoan dute nola antzinakoek laneko erremintak berek egiten zituzten, edo bestela ontzi errementariei enkargatzen zizkieten. Baina geroago berriz, tresna denda espezializatuetan erosten zituzten, nahiz batzuetan beren premietara egokitu behar izan. Argazki eta marrazkietan tresna horien ezaugarri bereziak ikus daitezke.

Erabilitako materialak iztupa eta kotoia dira, baita masilla, brea, pintura eta olioa ere. Iztupa, soka zahar eta deseginekin egindakoa, “mundrunarekin tratatuta” erosten zen, eta aldez aurretik korapilatu egin behar zen. Fardotik bi zerrenda hartu eta belaun gainean eskuz gurutzatzen ziren, hara-honako mugimendu azkarrekin eta esku azpiarekin presio arina eginez. Kotoia, aldiz, zerrenda luzetako mataza edo harilkotan iristen zen eta zuzenean, zegoen bezala erabiltzen zen.

Masilla dendetan erosten zen, 40 kg-tako bidoietan, baita olioa, brea eta pinturak ere. Pintura onenak "berun-miniozkoak” ziren.