Urola Beheko zementu naturalaren egileak

Zementugintza Gipuzkoako Urola Behean XIX. mendearen erdialdera hasi zen, eta ehun eta hogeita hamar urtetan gune horretako jarduera garrantzitsua izan zen. Denbora horretan barietate ezberdinak landu zituzten, garaian garaiko teknikak erabiliz.

Hasieran lortutako produktua zementu naturala edo Zumaiakoa izenarekin egin zen ezaguna, eta baita kare hidraulikoa izenarekin ere, tupa erraustuz lortzen zen. Tupa hori  karea eta lokatza proportzio egokian zituen harria zen, (inguru horietan aukera handia dago eta oso ona gainera). Erregaietarako lignitoa erabiltzen zen, beste ezer gehiago gabe, eta ondoren eho egiten zen hauts fin bat lortu arte.

Ekoizpen prozedura tradizionalaren oinarria horrelakoxea zen: inguruko harrobietatik tupa atera, eta ondoko oletara eramaten zen erretzeko eta ehotzeko, baina XIX. mendearen 60ko hamarkadatik aurrera berrikuntza industrial garrantzitsuak sartu zituzten.

Zementugintzak garapen handia izan zuen XX. mende hasiera arte, ondoren egonkortu eta apur bat beranduago beherantz hasi zen. Beherakada hori oso nabarmena zen Espainiako gerra zibila hasi aurretik. Portland izeneko zementua egiten hasi zirenean gainditu ezinezko konpetentzia jarri zitzaien aurrez aurre. 

Zementu naturala ekoizten zuten langileak bertakoak ziren, eta hainbat lanbide egiten zituzten, bai harrobietan, bai lantegietan. Azken horietako zereginak “osasunerako kaltegarritzat” izaten zituzten, ingurugiro baldintzak oso txarrak zirelako, eta ordainketa garai hartakoen parekoa izaten zen. Dena den lanbide gutiziatuak izaten ziren, beste aukerarik ez zegoelako, eta gainera, baserriko lanekin bateragarriak izaten zirelako urtearen zati handi batean.