1792ko Elgoibarreko Udal-Ordenantza

32. ordenantza ibaiko eta errekako arrantzari eta eperren ehizari buruzkoa

Ibai eta erreketan, arrain ugari egoteak, herritarrak hornitzeko asko laguntzen du, baldin eta gutiziaren ondorioz arrantzarako erabiltzen hasi diren amarruak baztertzen badira. Kalte handiak datoz eper-ehizaren debekualdia ez errespetatzetik, eta bitarteko hauek erabiliko dira hori konpontzeko:

Ibai eta erreketan ezingo da ez karea edo intxaur berde txikiturik erabili arrantzan egiteko, ezta masusta belarra edo arrainak hiltzen dituen antzeko belarrik ere. Horrez gain, ezingo dira sare ekortzaileak, xingak edota eskusareak erabili, ezta barra edo makilarik edota oihalezko eskusarerik ere, arrain kumeak hiltzen baititu. Butroi handiak edota harresi izeneko amarruekin ere ezingo da ibaiaren korrontea moztu. Horrez gain, gauetan zuziekin, argiekin edo argirik gabe ere ezingo da arrantzan egin. Ibaia bere ibilbidetik ere ezingo da desbideratu, eta presak irekitzerakoan ezingo da momentua arrantzan egiteko aprobetxatu. Urraketa horietako bat egindako bakoitzean bi mila marabediko isuna edo agintariek egokien jotzen duten isuna jarriko zaio arau-hausleari. Halaber, alkateak eta erregidoreek zorroztasun handiz zainduko dituzte ibaiak eta arauak betearaziko dituzte. Hala ere, bizilagunen batek edo bizilagun-elkarte batek, noizbait funtzio edo ospakizun publiko baterako arrainik beharko balu, udalari ospakizun hori zein den azaldu beharko dio. Udalak, kasu horretarako arrantza-lizentzia eta amarruak utziko lizkioke bizilagunari, eta honek nahi dituen arrainak arrantzatuko ditu, betiere udalak aldez kasu horietarako jarri duen muga gainditu gabe.

Horrez gain, argitu behar da udaleko erregidoreek ere ez dutela ibaian arrantzan aritzeko erabakimenik ezta hirugarrenei arrantzan egiteko baimena emateko ahalmenik ere, baldin eta ez bada lehen aipatu ditugun kasuetako bat, bi mila marabediko isunpean daudenak, edo bestela etxetik arrantzan ari badira. Inolako araurik urratu gabe honako amarruekin bakarrik egin daiteke arrantzan: amudun kordelarekin, butroi arruntarekin eta batzuetan ur nahasietan erabiltzen direnekin (benaka izenekoak).

Tresna horietako bat bakarrik erabili ahal izango da, eta betiere ibaian bakarrik, ez erreketan edo kanaberarekin ere. Gauetan ezingo da eperrik ehizatu ez argiekin ezta sareekin ere. Egunez, berriz, ezingo dira apeuak, tranpak edo bestelako debekatutako tresnarik erabili.

Eperrak, Andra Mariaren jaiotza egunetik, hau da, irailaren zortzitik, martxora arte bakarrik ehizatuko dira, betiere eskopeta eta zakurrak bakarrik erabiliz. Aipatu berri diren arauetako bat urratzen duenari hiru mila marabeditako isuna jarriko zaio, eta debekatutako tresnak erabili edo ezkutatzen dituenari, isun hori bikoiztuko zaio.