Usadiozko arrantza-sistemak

Iraganean, Deba ibaia igarotzen zen herrietako udal-ordenantzek ibaiko “eta errekastoetako” arrantzari buruzko xedapen asko zehazten zituzten, gehienetan era guztietako debekuak izaten zirenak.

Horrela, 1695an, Soraluzeko udal-ordenantzetako 44. xedapenak, “ehizari eta arrantzari buruzkoak” honakoa zioen: “herritar askok  debekatutako tresnekin egiten duten ehiza eta arrantza”, eta ondorioz “hemendik aurrera ezingo da eskopetaz, amuz edo benaka izeneko sarez edo aingiratarako pertol txikiz ehizatu edo arrantzatu..." Gorosabelek (Cosas memorables de Guipúzcoa), bere lanean 1709an Bergara eta Arrasateko udalek arrantza-debekualdiaren luzera eta debekatu behar ziren tresnei buruz izan zituzten liskarrak azaltzen dizkigu. Garai bereko Debako udal-ordenantzek ere arrantza jarduerak arautzen dituzte. Esaterako harrapaketa mugak zein ziren xedatzen zen, baita zein tresna erabiltzea debekatzen zen edo arrantzan aritzea noiz debekatzen zen.

Baina seguru asko Elgoibarko 1762ko 32. udal ordenantzan agertzen dira zehaztasun gehienez arrantzarako debekuak. Aipagarria da ezin zela karerik edo intxaur berde txikituen zukurik erabili, ezta marugaondo edo antzeko belarrik ere. Horrez gain, ezin ziren sare ekortzaileak, xingak, benakak, eskusareak edo pertol handiak edo harresiak erabili. Gauez ere ezin zen zuziekin edo zuzirik gabe arrantzatu, ezta “ibaia edo errekastoa bere bidetik atera eta ura beste ubidetara desbideratuz, edota presak irekitzerakoan aprobetxatuz ere”.

Udal-ordenantzetako arau guzti horiei esker badakigu garai hartan gure arbasoek Deba ibaian arrantzatzeko zein sistema erabiltzen zituzten, nahiz eta debekatuak egon.

EmakumeakEmakumeak, duela berrogeita hamar inguru, Deba ibaian arrantzatzen, Mendiolako zentraletik gertu, Maltzaga eta Soraluze artean zegoen Orbea izeneko eremuan.