Historia sarrera laburra

Erdi Aroaren amaieraz geroztik, hainbat aipamenetan euskaldunak marinel, arrantzale eta ontzigile gisa agertzen hasten zaizkigu. Jarduera hauek, hainbat gorabeheraz noski, gaur egun arte mantendu dira. Egoera geografikoak, herrialdearen neurri txikiak eta lehengai ugaritasunak (zura eta burdinoletan egindako burdineria nagusiki), ontzi-jabeen eta eskulangileen jakituriarekin batera, bizkaitarren eta gipuzkoarren artean itsasoarekin lotutako lanek oso garrantzi sozio-ekonomiko handia izatea ekarri dute, eta Herrialdearen garapenari ekarpen funtsezkoa egin diote horrenbestez.

Euskaldunak, XII. mendetik XVIII. mendearen amaiera arte, lehenik kabotajeko marinel, merkatari eta arrantzaleak izan ziren, eta gero alturako nabigaziora igaro ziren, zurezko ontzigintzan ekidatzaile garrantzitsu gisa agertuz uneoro.

Bertan eginiko ontzien bidezko itsas merkataritzak herrialdeko produktu behinenen esportazioa ahalbidetu zuen, funtsean burdina eta honetatik eratorritako ondasunak baitziren. Merkataritza hau erabakigarria gertatu zen barnealdean industria garrantzitsu bat sortzeko eta mantentzeko, eta baita hornitze kontuetarako ere, izan ere oso defizit handia genuen elikagaietan, eta inportatu beharra zegoen. Era berean, Gaztelako artilea europar merkatuetara garraiatzea eta esportatzea aberastasun iturri bat izan zen, batez ere gure kostaldeko herrientzat.

Arrantza kontuek, berriz, hala kostakoek nola alturakoek –balearen kasua nagusiki- bat egin zuten gorago aipatuekin, sektore honetan jarduera bizi-bizia eraginez.