Ontzigintzaren tekniken bilakaera

Dinamismo hau guztia, neurri handi batean, itsas gizonek garatutako teknika aurreratuez ekidatutako ontziteria garrantzitsu batean zegoen oinarrituta; teknika hauek, XII. mendean, Europako iparraldekoetatik edaten zuten, normandiarrei esker iritsi baitziren hona, baina XIII. mendean jada bertako diseinu berritzaile eta atlantikoa garatuz joan zen.

Ontzigintzako prozesuen bilakaerak bere aurrerabidean jarraitu zuen eta halaz, XIV. mendean, gure kostaldean korasta-lema garatu zen, ontziaren txopari erdi-erdian lotua bera, ordura arte ontzia gidatzeko erabiltzen zuten albo-arraun handia, lema-arrauna alegia, ordezkatzeko. Berrikuntza hau europar industriari eginiko ekarpen tekniko garrantzitsu bat izan zen. Garai hartan 600 eta 700 tonako ontziak ekidatzen zituzten, are gehiago, XVI. mendean, euskal arrantza, marina eta ontzi-arkitekturaren unerik gorenean, 1.200 tonakoak egitera iritsi ziren.

Maisu arotz-istinkariak

Ontzigileak, batzuetan, ontziak diseinatzen eta maneiatzen zituzten marinel berak ziren; izan ere, teknika enpiriko eta esperimentalak sakon ezagutzen zituzten.

Oso irizpide sinpleei jarraiki (luzerak zabaleraren hiru halako izan behar du, eta gilak, berriz, honen bikoitza), eta txantiloiak eta galiboak bezalako elementuak baliaturik, ontzi sabelandi, zabal eta mozkoteak egin zituzten, oso sendoak eta itsasorako egoki-egokiak, onak inolaz ere karga, merkataritza eta distantzia luzeko nabigaziorako.

XVII. mendean euskal eraikitze teknikaren aurrerapenen halako moteltze bat gertatu zen, baina XVIII. mendearen lehen herenean atzera bizkortu zen.

Garai hartan, ontziak marinelek berek ekidatzen zituzten batzuetan, eta beste batzuetan izen handiko gizonak izaten ziren, Antonio Gaztañeta kasu, Mutrikukoa berau, itsasgizon eta ontzigintzan injineru izana. Gaztañeta 14 urte zituela hasi zen lanbide honetan, bere familiaren eta ingurukoen jakinduria bere eginez, eta berritzaile handia izatera heldu zen. Lehena izan zen bere lanen oinarria izango ziren planoak marrazten, eta metodo geometriko bat garatu zuen ontzi-kroskoak diseinatzeko. Bere esperientziak 1722an eman zituen argitara, “Proporciones de las medidas más esenciales para la fabricación de navíos” izeneko liburuan.

Ontzigintza zibilean XIX. mendearen hasiera arte antzeman zen bere eragina. Aipatu mende honen amaiera aldean, aldiz, burdinazko kroskoa zuten ontziak egiten hasi ziren, eta zura pixkanaka-pixkanaka arrantzuntzi eta kabotajeko ontzietarako geratu zen, erabateko gainbehera iritsi zitzaion arte.