Astoei lotuta

Behizainaren lehen lana, eraman nahi zen azienda taldetik banatzea zen. Lan hori ez zitzaien zaila suertatzen, behizainek animalia bakoitza oso ondo ezagutzen baitzuten.

Banaketa egin ondoren, zezenak arazorik gabe garraiatzeko, bakoitza asto bati lotzen zitzaion, eta batzuetan asto bakoitzak bi betizu edo bigantxa eraman zitzakeen, bakoitza alde batean. Horrela, animalia suharren mugimenduak asko mugatzea lortzen zen. Joan-etorriak egiteko, lau edo sei betizu bi edo hiru asto erabiliz garraiatzen ziren.

Hala eta guztiz ere, batzuetan arazoak ere izaten zituzten. Esaterako, behin, Deban (San Josepe ondoan), betizu batek astoari barrenak atera zizkion eta animalia hil egin zen. 1890eko hamarkadan antzeko zerbait gertatu zen Lasturreko San Nikolasen, baina kasu hartan animalia bizirik atera zen. Asensio Artetxek gogoan du, duela gutxi arte, animaliak inolako babesik gabe joaten zirela. Gaur egun, berriz, astoak zaku lodiekin babesten dira. Izan ere, azkenean “betizuek lotuta ibiltzen ikasten dutela” dio.

Gehienetan aziendarekin batera bi behizain joaten ziren. Hala ere, betizu pare bat bakarrik garraiatu behar zenean, behizain batekin nahikoa izaten zen.

Batzuetan, esaterako azienda Azpeitiara eraman behar zutenean, bidea menditik egiten zuten gehienbat: Arriola auzotik atera, eta Itziar, Aldazabal eta Ziolar inguruetatik pasa ondoren, Olazabal baserrietarako bidea hartzen zuten. Handik Goltzibarreko ubidera jaisten ziren, Zestoara igo eta Izarraitzeko ekialdeko hegalera iritsi arte. Handik aurrera jarraitzen zuten, Lasao gainetik pasa eta Azpeitira iritsi arte.

Inauterietan, itzulera gauez egiten zutenez, errepidetik joaten ziren, Zestoa, Arrona eta Itziartik pasaz.

Gerra Zibila iritsi arte, zezenak Tolosara eramateko bi eguneko bidea egin behar zuten, bai joaterakoan baita itzultzerakoan ere.

Arriolatik irteten ziren eta lehen aipatu dugun bidea egiten zuten Azpeitiara iritsi arte. Handik, errepidea jarraituz, Errezileraino joaten ziren, eta han pasatzen zuten gaua. Bigarren egunean bidea errepidetik egiten zuten, Errezildik Tolosa arte, guztira 15 kilometro. Tolosan bi edo hiru egun igaro ondoren, behizainak, betizuak eta astoak etorritako bidetik itzultzen ziren.

BetizuakEuskal Herrian betizuak garraiatzeko erabiltzen zen sistemaren marrazkia. Marrazkia J.L Treku.

Asensio ArtetxeAsensio Artetxe, Sacako Markesaren ganadutegikoa, zezena astoari lotuta daukala, bideari ekin baino lehen. Antxon Igarzak utzitako argazkia.

Gaur egun zezenak kamioietan garraiatzen badira ereGaur egun zezenak kamioietan garraiatzen badira ere, lan horretarako eskarmentu eta trebetasun handia behar dira. Antxon Igarzak utzitako argazkia.

Beste herri batzuetara egiten ziren joan-etorriak errazagoak izaten ziren. Esaterako, Soraluzera joateko bidea errepidetik egiten zuten: Arriolatik Artzabalera jaisten ziren Mendaro eta Elgoibar zeharkatuz (San Frantzisko kaletik) baita Maltzaga igaroz ere. Etorritako bide beretik itzultzen ziren, gauez.

Errepidetan motordun ibilgailu gutxi ibiltzen zenez, azienda inolako arazorik gabe ibiltzen zen, baita herriak zeharkatzerakoan ere.

Gauza bera gertatzen zen azienda Mutrikura eraman behar zenean. Betizuak, lau edo bost, bi edo hiru astori lotu eta Arriolatik Osiora jaisten ziren. Itsasadar gaineko zubia zeharkatu eta Mutrikuraino iristen ziren. Itzulera joandako bide beretik egiten zuten, egun bakar batean.