Ganadu hezigabe nafarra oinez lekualdatzea

Horregatik, gertu zeudelako, ez da harritzekoa Gipuzkoako zezen-plazetan Nafarroako betizuak toreatzea. Koldo Lizarraldek, lehen aipatu dugun lanean azaltzen du "1732an, Elgoibarko alkateak zezen batzuk Nafarroako Erreinutik ekartzea agindu zuen", eta handik gutxira, 1746ko urriaren 4an "Udaletxean Pedro Bastan Alesbestarra aurkeztu zen,” Tuterako Mariana Vicuña anderearen zezenen unanmaizterra. Unanmaizter horrek lau zezen ekarri zituen, herriko plazan toreatzeko. Zezen bakoitzak 26 zilarrezko dukat balio zuen "Nafarroako diruan", eta herriko diruzainak lau zezenen truke zor ziona ordaindu zion.

Azpeitian, urte berean zezenketa-aziendari buruzko errefentziak ageri dira. Hain zuzen ere “Tuterako sei zezen erosi ziren” (Imanol Eliasek aipatutako obran azaltzen denez). XX. mendeko lehen erdialdean, Nafarroako zezenen erosketei buruzko erreferentzia ugari aurkitu ditugu. Esaterako, 1920an, Debako zaindariaren jaietako programetan “Lasturgo San Nikolas ganadutegi ospetsuko lau zezen toreatuko dira. Zezen horiek txuliatu ondoren, animaliei banderillak sartu eta kortara eramango dira, eta Nafarroako Feliz Gabarriren beste bi zezen ezpataz hilko dira".

Cossioren arabera, betizuak “oinez eramaten ziren: behizainak joaldunen aurretik joaten ziren, batzuk oinez eta besteak zaldiz." “Behizainak zezenekin batera oinez ibiltzea Nafarroako ohitura da, baita behizainek azienda oinez garraiatzea ere". Ideia hori baieztatuta geratzen da Gipuzkoara egiten ziren azienda-desplazamenduen kasuan, 1940ko hamarkada arte egin baitziren.

XIX. mendean azienda suharra mendian gidatzenXIX. mendean azienda suharra mendian gidatzen, garaiko koadro baten arabera. (Espasa Calpe artxiboa).

desplazamendua Urbasa-Andia errege abelbidetik zeharHala ikusi zuen J.l. Trekuk aziendaren oinezko desplazamendua Urbasa-Andia errege abelbidetik zehar.

Horretarako bi bide erabiltzen ziren: lehenbizikoa, usadiozkoa, XIX. mende erdialdera arte erabili zena. Batez ere Tausteko errege abelbidetik igarotzen ziren: Tutera inguruetatik Urbasa-Andiara, eta handik Zunbeltz bentaraino, handik Etxarriko mendatea igo eta Sakanara jaisten ziren, Bakaikura. Harana zeharkatu ondoren, Bernoara igotzen ziren. Lizarrusti eta Etxegarateko mendateen artetik igaro ondoren, Ataunera (San Gregorio auzora) jaisten ziren, azkenik helmugara jotzeko.

Bigarrena 1884ean erabiltzen hasi ziren, Ataun eta Lizarrusti arteko bidea ireki zenean (urte hura baino lehen, bidea Nafarroako aldetik egiten zuten, Lizarratik Lizarragara). Zunbeltz bentatik aurrera, bide berriaren bazterretik, Lizarragako tunela igaro eta Etxarri-Aranazera jaisten ziren, Gipuzkoara Lizarrustitik sartzeko. Horren ondoren, berriz ere bide zaharretik joaten ziren helmugaraino.