Aguazilak, pregoilariak eta gauzainak

Aguazilak, pregoilariak eta gauzainak duela urte asko hiriguneetan presentzia publiko handia izan duten pertsonaiak izan dira, nahiz eta gaur egun, teknologia garapenaren eraginez, horien garrantzia asko gutxitu den, batzuetan lanbidea ere desagerraraziz. Hala ere, pertsona horiek usadioz zituzten betebeharretako asko, gaur egun beste langile batzuek betetzen dituzte.

Aguazilen kasuan bereizketa bat egin behar dugu: alde batetik antolaketa judizialaren barne zeudenak ditugu, epaileen eta idazkarien aginduak betearazten zituztenak; eta bestetik, toki-administraziokoak, alkateek agindutako lanak egiten zituztenak. Bestalde, pregoilarien jatorria erromatarren praecones-etan aurkitzen dugu. Izan ere, praeconesak interes orokorreko akordio publikoak, eskaintza bereziak eta baita galdutako gauzak bizilagunei jakinarazteko erabiltzen ziren. Hala ere, herri txikietan, askotan, lan guzti horiek pertsona berak egiten zituen.

Halaber, gauzainen lana gauetan pertsona nahiz gauzen segurtasuna bermatzea zen.

Hiru lanbide horietako profesionalek ez dute harreman bera izan ingurukoekin. Esaterako, jendea aguazilek ematen zituzten mezuen beldur izaten zen gehienetan, eta gazteek, beldur eta abentura sentsazio nahasi bat izaten zuten haiekiko, askotan aguazilen ihesean ibili behar baitziren. Bestalde, pregoilariek ikusmina sorrarazten zuten gehienetan; eta gauzainei, berriz, gaua inork baino hobeto ezagutzen zutenez, errespetu handia izaten zitzaien.