Arrasateko olegizonen eta Tolosako armagileen arteko gatazka (1580-1586)

Tolosako ezpatagileek Arrasaten egindako altzairua erabiltzen zuten, Udalako mineralarekin egindakoa. Ondorioz, bi herrietako gremioen arteko interes gatazka sortu zuen.

Arrasateko altzairua egiteko, bi faseko prozedura jarraitzen zuten: lehenbizi, minerala hartu eta handik raia edo raixa ateratzen zuten, hau da, altzairu erdilandua. Bigarren fasean, berriz, tenazariek raia berriz ere berotu eta landu ondoren, Arrasateko altzairu ospetsua lortzen zuten.

1580ean, Arrasateko hiribilduko ahaldunak, Gipuzkoako Batzar Nagusietan, urte hartan Errenterian bildu ziren, eta bertan salatu zuten ezpatagile eta labangileei raia garbitu gabe saltzen ari zirela, hau da, bigarren fasea pasa gabe; eta horrek produktuen kalitate eta ospea kaltetzen zutela. Horregatik, raia horrela saltzea debekatzea eskatu zuten.

Ondorioz, Batzar Nagusiek honako hau erabaki zuten: inork ezin zuela, bai Gipuzkoako barruan edo handik kanpo, raiarik saldu, ezta kantitate txiki bat ere, ez bazen berriz landu eta tenazariek altzairu bihurtzeko.

Raia saltzen zuten guztiei, horretan harrapatuz gero, material guztia konfiskatuko zitzaien, eta horrez gain, 2000 marabediko isuna ezarriko zitzaien.

Ordenantza hori festa egunetan eliza guztietan pulpitutik adieraztea agindu zuten Batzar Nagusiek, izan ere, herritar guztiak orduan joaten baitziren mezetara. Horrez gain, Erregearen onespena ere eskatu zuten.

Arazoa ez zen berriro aipatu 1586 arte. Urte hartan Batzar Nagusiak Tolosan elkartu ziren, eta bertan herriko ordezkariek Ordenantza hori ezeztea eskatu zuten. Ander Unastegi eta Tolosako beste herritar batzuek, “ezpatak, dagak, alfanje eta beste armagintzan maisuak” zirenak, araudi horrek sektorea asko kaltetuko zuela uste zuten. Izan ere, beren ustetan, debekatutako materiala edo sasi-altzairua, Arrasateko altzari fina baino lehengai askoz hobea zen ezpatak egiteko.

Kontrako eta aldeko iritziak zeudela ikusita, Batzar Nagusiek arazoa aztertu eta erabaki bat hartzeko batzorde bat sortu zuten. Arrasateko ordezkariak erabakiaren aurka agertu ziren, arazoa ordurako aztertua eta konponduta zegoela zioten, eta gainera Bizkaian ere debekua ezartzearekin ados zeudela argudiatu zuten. Aldi berean, Ordenantzari esker sektorea asko hobetuko zela zioten.

Hala ere, Batzar Nagusiek ez zuten batzordea desegin, eta azkeneko erabakia zein izan zen ez badakigu ere, badirudi Tolosako hiribilduaren eta Arrasatekoaren arteko epaiketa izan zela Gorteen aurrean.

Polemika horretan Plasenciako arkabuzariek ere Arrasateko altzairuaren aldeko iritzia eman zuten, eta sasi-altzairuaren aurka agertu ziren. Horrela, 1595eko agiri batean honakoa adierazi zen: sasi-altzairu deituriko burdina besterik ez zela, findu gabekoa, eta arazo ugari sortzen zituela, eta oso hauskorra zenez, edozein arma edo tresnarekin kolpatuz gero, hautsi egiten zela. Eta horrela, material horrekin egindako era guztietako ezpata, tresna eta bestelakoak inperfektuak zirela, Arrasaten eta Bizkaian lantzen zen altzairu fina egiteko beste baldintza asko bete behar zirelako.

Testu hau L.M Diez de Salazar Fernandez eta M.R Ayerbe Iribarrek Gipuzkoako Batzar eta Aldundietako aktetatik  laburtu dute.