Arrain enkanteak Euskal Herrian

Arrain enkantea arrainaren eta, batzuetan, mariskoaren salmentan oinarritzen da. Enkante holandar edo aleman esaten zaion sistema erabiltzen da. Horretan prezio altu bat jartzen da abiapuntu, eta hori jaisten doa harik eta erosleren batek onartzen duen arte. Euskal Herrian jarduera honek oso tradizio handia du. Arrantzaleen kofradiak sortu zirenetik aurrera hasi zen erregulatzen.

Gure kostaldeko herrietako arrantzaleen kofradiak Erdi Aroan sortu ziren. Juan Garmendia Larrañagak, “Gremios, Oficios y Cofradías en el País Vasco” bere lanean, aipatzen du ezen Donostiako Santa Katalinako Marinelen Kofradia XII. mendean sortu zela. Josu Erkoreka Gervasiok, bere aldetik, “Las Cofradías de Pescadores de Euskal Herria” lanean, diosku ezen XIII. eta XIV. mendeen artean sortu zirela Hondarribia, Donostia, Deba, Lekeitio, Bermeo eta Plentziako kofradiak, eta XVII. mendean, berriz, Pasaia, Orio, Zarautz, Getaria, Mutriku, Ondarroa, Ea, Elantxobe, Mundaka, Algorta, Portugalete eta Somorrostrokoak.