Azken kaxagile-tipografoa Eibarren

Egun, jardunean jarraitzen duen kaxagile-tipografo bakarra Ignacio Maria Orbegozo Errasti da. Azpeitian jaioa, 1945ean, Eibarrera aldatu zen gurasoekin batera, lan-arrazoiak zirela eta. Lehen mailako ikasketak bere jaioterrian egin zituen hasieran, gero Eibarren amaitzeko. Gráficas Eguren lantegian hasi zen lanean 15 urte zituela, José Maria Egurenen aginduetara, Julian Echevarria kalean, 8 zenbakian zituen orduko instalazioetan.

XX. mendeko hirurogeiko hamarkadan ohi zenez, ikastunak kalifikazio gutxiko zereginetan hasten ziren, adibidez, laguntzaile bezala, gero zeregin konplexuenetan aritzeko, hala nola, kaxagile-tipografo, makinista eta manipulatzaile gisa, eta azkenean espezialistak zirela.

Kaxagile-tipografo izan ahal izateko, beste langileengandik bereizten zituzten ezaguera eta gaitasun bereziak behar izaten ziren, alfabeto ezberdinak osatzen dituzten osagai grafikoak ondo ezagutu ez ezik, estetikan ere aditua behar zelako izan. Letra txikiak eta zeinuak azkar eta zuzen erabiltzeko trebetasuna nahiz pazientzia handia ere behar dira, eta beste lanbideetan bezala, ondo egindako lanaren poza sentitu.

Lehenik, egin beharreko proiektuaren maketazioa egiten du, ondorengo eragiketan eredu gisa erabiltzeko. Xebalet baten aurrean egiten du lan, hau da, goiko aldea inklinatua izaten duen egurrezko egitura baten aurrean, bertan tamaina ezberdinekoak izan daitezkeen metalezko kaxak dituena. Kaxa horietan tipografoak egin beharreko moldearen atal ezberdinak jartzen ditu: testuaren lerroak, zuriuneak, hariak, grabatuak, eta abar. Emaitza erabat estututako ehunka pieza txikiz osatutako xafla errektangeluar edo karratua izaten da.

Pieza horiek erabat estututa egon behar dute. Hala ez bada, moldea inprimatzeko makinan jartzerakoan, arrabolen herrestatze indarraren eta makinaren presio indarraren eraginez, tindatzean, letraren bat hautsi zezakeen, eta ondorioz, moldea berregin egin behar izaten da. Eragiketa hori amaitu ondoren, soka bati hainbat bira emanez, moldea lotu egiten da, horrela piezak ez ateratzeko eta bloke konpaktu bat lortzeko. Neurri-unitate gisa zizeroa erabiltzen da.

Behin probak eta zuzenketak egin ondoren, egin behar badira, moldea ondo lotu behar da makinan, eta aldez aurrez aukeratutako eta behar den neurrira moztutako paper gainean inprimaketa egin.

Kaxagile-tipografoaren lantokiaKaxagile-tipografoaren lantokia.

Kaxagilea laneanKaxagilea lanean.

Kaxagilea laneanKaxagilea lanean.