Baserriak barritu, handitu eta konpontzeko lanak

Baserrigileek, baserriak eraikitzeaz gain, aldez aurretik egindako baserriak, aziendarako bordak eta bestelako mendi eraikinak berritu, handitu eta konpondu ere egiten zituzten, baserriak egiteko erabiltzen zituzten irizpide beren arabera.

Baserriaren egurrezko egitura eta teilatua aldatu behar bazen, baserria eraikitzeko erabili zen egur mota bera erabiltzen zen. Eskarmentu handiko baserrigile baten arabera “egurrezko habeak onak baziren eta tamaina egokia bazuten, lana material modernoekin baino azkarrago egiten zen. Hala ere, askotan arazoak izaten zituzten beharrezko ohol eta egur puskak lortzeko, eta orduan ugazabaren zuhaitzen bat moztu behar izaten zuten, edo bestela beste nonbaiteko zuhaitzak aukeratu eta erosi egin behar izaten zituzten”.

Zuhaitz horiek zerratu eta habe bihurtzeko, enborra hartu eta aldapa batera eramaten zuten. Enborra, jarrera horizontalean jartzen zen. Ertz bat lurrean finkatzen zuten, eta bestea egurrezko zutoin batzuen gainean. Enbor borobila habe karratu bihurtzeko, hiru gizonen artean zerratzen zuten: bi beheko aldean jarrita, eta bestea enborraren gainean zutik jarrita. Trontza-zerra luzeak erabiltzen zituzten, eskuz gora eta behera mugitzen zituztenak.

Beste enbor batzuei, eskuairatu ondoren, zeioa eta aho luzeko aizkorak erabiliz (azken hauek enborrak zerratzeko egiten ziren), nahi zen forma ematen zieten, betiere obra egiten zen leku berean. Teilatua eusten zuen egitura, prestatu eta lurrean muntatzen zen behin-behinik. Jarraian, desmuntatu eta piezaz pieza bere tokian jartzen joaten zen, soka eta polea sistema baten bitartez. Lehenbizi tirantea jartzen zen, gero pendoloia, behin-behinik katez lotzen zen; eta azkenik, zaldiak jartzen ziren, gehienetan errementari batek neurrira egindako burdineria egitura osoa muntatuz.

Batzuetan, lan-maisuek beraiek egin eta zuzentzen zituzten harri eta egur-lanak. Lanbide horiek behar bezala menperatzen ez bazituzten, herriko arotzari eskatzen deitzen zioten. Arotz horiek, gehienetan lan horiek ondo ezagutzen zituzten, eta gainera bestelako baserri lanak ere egiten zituzten, besteak beste gurdiak eta nekazaritza-lanabesak konpontzea. Kasu horietan, lan-maisu eta hargin zenak hartzen zuen lanaren konpromisoa ugazabaren aurrean, eta ondorioz, bera zen baserriaren eraikuntza-lanen erantzulea.

Orokorrean, 1940ko eta 1960ko hamarkada arteko baserrigileek soldatapean egiten zuten lan, orduko diru-kopuru zehatz bat kobratzen baitzuten. Ofizial eta peoiek ere berdin egiten zuten lan, eta lana amaitzean erabilitako materialen kostua gehitzen zitzaion. Batzuetan, lan-maisuak aurrekontu  orientagarri bat ematen zion ugazabari, honek gutxi gorabehera zenbatekoaren ideia bat izan zezan. Oso gutxitan eraikitzen zuten baserri bat aldez aurretik ezarritako diru-kopuru baten arabera.

Lanerako erabiltzen zituzten lanabes gehienak baserrigileenak izaten ziren, gehienak beraiek egindakoak. Baita ere ohikoa izaten zen, baserriaren eraikuntza-lanek irauten zuten bitartean, langileek ugazabaren familiarekin batera otorduak egitea.