Hasierako erabakiak

Ugazabak baserri berri bat egin nahi bazuen, eskualdeko lan-maisu batekin jartzen zen harremanetan, gehienetan aldez aurretik egindako lanengatik ospea zuen batekin. Ugazabak zein tamainako sukaldea behar zuen, familiaren arabera zenbat logela behar ziren, ukuiluan zenbat animalia sartu behar ziren eta uzta nahiz nekazaritzarako lanabesak gordetzeko eta bestelako lanak egiteko zenbat leku behar zuen ere azaltzen zion lan-maisuari. Informazio horren arabera, lan-maisuak, eskarmentu handia zuenez, bazekien premia bakoitzerako zenbat leku behar zen. Horren arabera, eraiki beharreko baserriaren tamaina erabakitzen zuen, gehienetan etxabea eta solairu bat izaten zuena.

Horrez gain, baserriaren barne-banaketa ere diseinatzen zuen. Batzuetan buruz egiten zuen lan hori, baina askotan, lan-maisua beteranoa bazen, neurri nagusien marrazki bat egiten zuen, horrela "burua gutxiago nekatzen baitzitzaion".

Horrela, baserria eraikitzen hasi baino lehen, eraikinaren elementu eta ezaugarri nagusiak zehaztuta izaten zituzten. Ezaugarri horiek ez ziren aldatzen, baldin eta ustekabekorik ez bazuten.

Maisuak, baserriaren diseinua egiterakoan, inguruko baserriak hartzen zituen eredu gisa, eta baserri horietan, funtzionalitatearen edo edertasunaren arabera gehien interesatzen zitzaizkion elementuak kopiatu eta bere baserrian aplikatzen zituen. Oinplano angeluzuzena, alde zabalenetako batean fatxada egitea eta bi isurkiko teilatua, hau da, Euskal Herriko baserriaren ezaugarri definitzaileak, baserri gehienetan aplikatzen ziren.