Betebehar kontaezinak

Farozain gisa lanean hasten zirenean, guztiek isolatutako faro batera joan behar zuten lanera; hau da, “biztanlerik gabeko uharteetan, pertsona bakar batek tripulatutako ontzi batekin bertara iritsi ezin zen lekuetan; eliza, eskola edo medikua zuten herrietatik gutxienez 15 kilometrora" egin behar zuten lan. Bertan hiru urtez aritu behar ziren jardunean, eta denbora hori igaro ostean, beste leku batera bidaltzen zituzten. Esan beharra dago farozainek aldaketa hori gogo handiz hartzen zutela.

Nahiz eta Administrazio Publikoaren pean dauden lanbide guztietan betebehar guztiak argi eta garbi zehazten diren, farozainen kasuan, 1920ko hamarkadako araudiak oraindik era zehatzagoan jasotzen zituen betebehar guzti haiek, seguru asko profesional horiek akatsen bat eginez gero, ontziak hondoratu eta ondorio benetan kaltegarriak gerta zitezkeelako.

Oinarrizko betebeharren artean aipagarriak ziren edozein motatako eta edozein xederako itsaso-seinaleak ematea, argiak piztea, gauean zehar argia zaintzea, era guztietako makinen eta zerbitzurako tresnen atal optiko eta akustikoak garbi mantentzea, baita faroko altzariak, eraikina, zelaiguneak eta bestelako eremuak egoera onean edukitzea ere. Horrez gain, metereologia-datuak jaso eta erregistroak egunean eraman behar ziren, betiere probintziako itsaso-zerbitzuko ingeniari eta laguntzaileek emandako agindu eta argibideei jarraiki.

Zumaiako faroaZumaiako faroa, xx. mende hasieran. aurrealdean talaia zaharra ikusten de, eta lehen planoan, eskuinean, faroaren argia islatzen zuen baliza, ontziek portuan sartzeko erreferentzia gisa erabiltzen zutena (Javier Carballok utzitako argazkia).

Horrez gain, aipatu behar da inbentarioak, txostenak eta erregistroak egin eta dena garbi mantendu behar zutela, eta oraindik harrigarriagoa zena: linternako kristalen junturak konpontzeko masilla egiten jakin behar zuten, baita eztainuz soldatzen eta soldadura gogorrak egiten ere, horrela pitzadurak berehala konpondu ahal izateko. Piladun tinbreak funtzionatzen ez bazuen hori zergatik gertatzen zen jakiteko nahiz konponketak egiteko nahikoa ezagutza eta elektrizitate tresna ere izan behar zituzten.

Faroa piztu aurretik bete beharreko lanak, hura piztuta zegoen bitartean bete beharrekoak eta itzali ondoren bete beharrekoak ere zehatz-mehatz azaltzen dira araudian.

Getariako faroaEzkerrean, Getariako faroa, Xaguaren tontorrean (Jesús mariaIrastorzak utzitako argazkia).

Pasaiako Senekozulua faroaPasaiako Senekozulua faroa.