Lanbide berezia

Euskal Herrian, bizargin eta ile-apaintzaileek, batez ere herri txikietan, beren lanbideaz gain, era guztietako lanak egiten zituzten, besteak beste, dentista gisa, zorrotzaile gisa, zaldi eta ardi-ganaduaren ile-moztaile gisa, horien artilea lantzen, edo bestela iturgin edo organo-jole gisa ere lan egiten zuten. Beste askok sortzain gisa ere lan egiten zuten. Askotan hildakoei bizarra moztu behar zieten, eta batzuetan baita gaubeilarako prestatu behar izaten zituzten.

Horrez gain, beti bezeroen esanetara egoten ziren. Izan ere, edozein momentu edo ordutan beren zerbitzuak eskatzen zituzten (familiako ospakizunak edo bidaiak zirela eta), eta horrez gain, beraiekin zer ikusirik ez zuten gai eta iritziekin beti ados azaldu behar ziren. Lana asteburuetan egiten zuten batez ere, lanegun izugarri luzeak eginez.

Julian Munduatek gogoratzen duenez “etxeetan ilea bizarra baino gehiago mozten zen, eta apaizei burugaina moztu behar izaten zieten”. Baserritarrak bizarginarengana “bizarra kentzeko” astero edo bi astean behin joaten ziren. Egun garrantzitsua izaten zen hura, eta bizilagunekin harreman handia egiten zen, edozeri buruz eztabaidatuz eta batez ere lanari buruzko gaiei buruz hitz eginez.  Halaber, bizartegian kontatzen zenari esker, herriko gertakizun guztien berri izaten zuten.

Bizarra kentzeko edo ilea mozteko moldatu daitekeen aulkiaBizarra kentzeko edo ilea mozteko moldatu daitekeen aulkia, gutxi gora behera duela berrehun urtekoa. (Argazkia Amaia Ros).

Bizarra kentzeko hainbat pauso jarraitu behar ziren. Lehenbizi, bizarra busti eta xaboitzen zen, “bizarra beratzea”esaten zitzaiona. Garai hartan ez zen lan erraza izaten, orduko bizarrek gogorrak baitziren. Lan hori ikastunek egiten zuten, eta handik bizarra kentzera pasatzen zuten bezeroa. Lan hori maisu bizarginak egiten zuen “labana eskuineko eskuarekin heldu, hatza labanaren xaflaren azpian eta kirtenaren artean jarrita. Ezkerreko eskuko hatz lodi eta erakuslearekin azala ahalik eta gehien tenkatzen zuten” eta azkenik, “bizarra kendu edo soiltzen” zuten, gero aurpegia urez garbitu eta azkenik eskuoihal edo eskuzapi batekin lehortzen zuten.

Bizargin eta ile-apaintzailearen lanbidean bestelako lanak egiten zirenez, esan daiteke “bizitzeko adina” irabazten zutela. 1877an, Vicente Gay-ren Manual instructivo para el barbero del pueblo lanaren arabera, bizarginak, astean bitan, bezeroaren etxean zerbitzu bat egiteagatik, 12,5 pezeta kobratzen zitueen. Bezeroa bizartegira joaten bazen, 6 pezeta kobratzen zituen, eta langileei umilenei 4 pezeta bakarrik kobratzen zizkieten.  Gipuzkoa barnealdean, 1930eko hamarkadan, eta batzuetan, baita Gerra Zibilaren ostean, “zorrak kitatzeko”, urteko zerbitzuak gari imietan (anega baten laurdenak)edo lakaritan ordaintzen ziren. 1930 eta 1932 aldera, bizarra kentzeagatik 0,2 pezeta kobratzen zituzten, eta handik gutxira prezio hori lau aldiz biderkatu zen. 1940an, bizarra kentzeagatik bi pezeta kobratzen zituzten, eta 1950eko hamarkadan, lau edo bost pezeta. Halaber, ilea mozteagatik, “txapela ondo janzteko garrantzitsua” zena, 0,15 pezeta kobratzen zituzten 1916-1920 aldera.

Ez dakigu zergatik, baina bizarra kentzea beti izan da ilea moztea baino merkeagoa, nahiz eta ilea moztea baino lan zailagoa izan.