Ikastaldi kontratua

Iraganean, maisu kirurgialaria, bizargina eta odol-ateratzailea zen aldi berean. Jarduera horiek “infektatutako eremuetan sendaketak egitea”, “bizarra kentzea eta ilea moztea” eta zainetan ebaki txiki batzuk eginez odola ateratzea” ziren, besteak beste. Lanbidea maisu batekin ikasten zen, honek, halaber, beste maisu batekin eta urte askotako eskarmentuaren bidez ikasi baitzuen.

1655eko abenduaren 1ean, Elgoibarko Juan de Alzuaran kirurgialariaren etxean aurkeztu ziren Aretxabaletako gizon bat eta haren semea, akordio batera iritsi eta maisuak bere semeari bizargin eta odol-ateratzaile lanbidea irakasteko kontratua sinatzeko.

Ikastunak 14 urte zituenez, aitaren baimena behar zuen horretarako, eta horrez gain, aldez aurreko eskarmenturik ez zuenez, aitak 20 dukat ordaindu behar izan zituen, erdia 1656ko San Joan Bataiatzaile egunerako, eta beste hamar dukatak ikastaldi kontratua sinatu eta urte betera, inolako atzerapenik gabe.

Ikastaldiak 4 urtekoa zen, eta ikastunak, urte horietan zehar maisua ahalik eta era on eta fidelenean zerbitzatu behar zuen. Horrez gain, maisuarekin gustora ez bazegoen ere, behin kontratua sinatu ondoren, ezin zuen bere etxetik ihes edo alde egin. Bietako bat egitekotan, behin kontratua amaitzean, lanean huts egindako egun bakoitzeko bi egun gehiago egin beharko zituen lan. Maisuari berdin zitzaion ikastuna gaixo jartzen bazen, kasu horretan ere aipatu berri dugun baldintza betetzen baitzen. Pentsatzen dugu ikastunak beharrezko klase praktiko guztiak egin eta ondoren lanbidean behar bezala arituko zela bermatzeko jartzen zela baldintza hori.

Maisuaren betebeharra ikastunari lanbidea segurtasun osoz irakastea zen, eta horrez gain, jaten eman eta ikastunaren garbitasuna mantentzea. Hala ere, aitak eman behar zizkion ikastunari jantziak eta oinetakoak, baita lanbidea ikasi eta horretan aritzeko behar zituen labanak, guraizeak eta bestelako tresna ere, horrela bizimodu bat eduki ahal izateko. (Oñatiko Protokoloen Artxibo Historikoa, 1-1424 paper-sorta, 130. orria).