Eraikuntza oso konplexua

VII. mendean kanpaiak, burdinazko xafla zatituz egin beharrean, brontze urtua moldeatuz egiten hasi ziren.

Seguru asko, hasiera batean argizari galduzko galdaketa bidez egingo zituzten kanpaiak, baina geroago adreilu eta buztinezko nukleo batean hasi ziren brontzea urtzen, edo bestela barneko ar eta lastoz, zaldi zurdaz eta simaurrez egindako kanpoko molde batekin. Gaur egun, kanpaien fabrikazio sistema Diderot eta D’Alambertek XVIII. mende bukaeran egin zuten Entziklopedia ospetsuan azaltzen dutenaren antzekoa da, artisau-maisuek sistema bera erabiltzen dute, ia aldaketarik gabe. Abel Portilla Bedia, Gajanokoa da (Kantabria). Familia-usadioari eusten dio eta iraganeko lan-sistemaren arabera lan egiten duen maisu bakarrenetako bat da.

Kanpaiak brontzez egiten dira (%78 kobre eta %22 eztainuko aleazioa). Nahasketa hori likido bihurtu arte urtu ondoren, buztinez egindako kanpai formako molde batera isurtzen da.

Moldea egiteko, maisu kanpaigileak adreiluzko oinarri bat prestatzen du lehenbizi. Jarraian, oinarri horren gainean, moldearen nukleoa egiten du kareore eta adreiluz. Nukleo horri esker, kanpaiaren barnealdea sortuko da gero. Jarraian, nukleo hori guztia buztin geruza fin batekin estaltzen du, eta horren gainean txantiloi edo egurrezko terraila bat jartzen du. Txantiloi horren profila kanpaiaren barnealdearena izaten da, eta ardatz baten inguruan biratuz egiten da. Horrela molde bat eskuratzen du kanpaigileak. Molde horren kanpoko aldea, kanpaiaren barneko aldea izango dena, findua dago. Jarraian, molde horri uretan nahastutako errautsez eta buztin apur batez egindako geruza fin bat ematen dio. Geruza hori hurrengo geruza nukleora ez itsasteko ematen da.

Hurrengo pausoa aipatu berri dugun geruza berri hori ematea da. Geruza hori buztin bigunagoz egindako kanpai faltsu bat da, egin nahi den kanpaiaren lodiera bera duena. Buztinezko kanpai faltsu horren gainean beste txantiloi edo terraila bat jartzen da, egin nahi den kanpaiaren kanpoko aldea izango dena.

Jarraian, kanpaigileak gainazal hori, kanpaiaren kanpoko aldea izango dena, behi-bilgorrez eta xaboiarekin nahastutako argizariz egindako nahasketaz estaltzen du. Argizarizko gainazal horren gainean, kanpaigileak kanpaiaren kanpoko aldean egin nahi dituen gurutzeak, irudiak eta inskripzioak jartzen ditu. Elementu horiek ezpel egurrezko moldeetan egiten dira argizaria erabiliz. Jarraian, elementu horien gainean buztin, lasto eta simaur nahasketa geruza bat ematen dio, hau aurrekoa baino lodiagoa, moldearen kanpoko estaldura baita.

Ezkilen eraikuntza XVIII mendean Diderot eta d’Alemberten araberaEzkilen eraikuntza XVIII mendean Diderot eta d’Alemberten arabera.

Maisu kanpaigileaMaisu kanpaigilea, kanpaiak eduki behar zituen irudiak jartzen (Argazkia Antxon Agirre Sorondo).

Kanpaia galdatzea funtsezko eragiketa daKanpaia galdatzea funtsezko eragiketa da, eta Abel Portillak maisutasun handiz egiten du (Argazkia Antxon Agirre Sorondo).

Maisu kanpaigileak egun batzuetan pieza lehortzen uzten du. Garabi batekin buztinezko lehen geruza edo azala altxatzen du, eta buztin bigunagoz egindako geruza fina, erdikoa, desegin egiten du. Berriz ere kanpoko azala barrukoaren gainean jarri eta horrela kanpaiaren barneko moldea eskuratzen zuen kanpaigileak, kanpai forma zuena. Bi pieza horiek, lurrean egindako zulo batean sartzen ziren, eta jarraian lur fin edo buztinez betetzen zen. Ondoren ondo zapaltzen zen lur hori, horrela moldea galdaketarako prest utziz.

Brontzea zuloaren ondoan zegoen labe batean urtzen zen, gehienetan zuloa baino gorago kokatua egoten zena. Labe hori fuel-olioz berotzen da gaur egun, eta iraganean, berriz, su-egurrez. Aleazioa urtu eta 900 ºC-tara iristeko, hiru ordu inguru behar dira. Maisuak, brontzea bere puntura iritsi dela ikusten duenean, labearen irteera estaltzen duen buztinezko tapoia puskatu eta ondorioz, brontzea labetik isuri eta moldea betetzen hasten da. 350 kiloko kanpai bat egiteko, pauso horrek hamabost segundo inguru bakarrik irauten du, eta prozesu osoko pausa zailena eta garrantzitsuena da. Segundo gutxi horietan, kanpaigileak, eskuan barra bat duela, brontze jarioa kontrolatzen du, baita moldea behar bezala betetzen ari dela ere. Pauso horrek zehazten du kanpaia ondo aterako den ala ez. Nahiz eta urte askotako eskarmentua izan, ez da jakiten kanpaia ondo aterako den. Askotan, poroz beteta edo pitzatuta ateratzen da kanpaia, eta kasu horretan, kanpai hori suntsitu eta hasieratik hasi behar izaten da, egindako lan guztia alferrik galduz.

Kanpaia bi edo hiru egunez hozten utzi ondoren, zulotik lurra kendu, moldea puskatu eta kanpaia agerian uzten da. Jarraian ukitu gutxi batzuk besterik ez dira behar kanpaia prest uzteko.