Erloju mekanikoak egitea, trebetasun handiko lana

Ordua herritarrei jakinarazteko bidean, kanpandorreko erloju mekanikoak funtsezko aurrerapausoa izan zen. Izan ere, herri batzuetan, ordura arte, hondarrezko erloju batean oinarrituta, herritarrek (txandaka) orduero kanpandorreko kanpaia jotzen zuten (sei ordu, sei danbada, zazpi ordu, beste horrenbeste eta abar). Komentuetan, gau osoa esna pasatzen zuten, goizeko otoitzetarako garaiz iritsi ahal izateko.

Kanpandorre edo dorreko erloju mekanikoak, “gurpilezkoak” oso handiak zirelako, XIV eta XV. mende artean zabaldu ziren Europan. Burdinazkoak ziren ia erabat, eta honela zeuden osatuta: armazoi edo karkasa bat zeukaten, barruan hainbat ardatz eta horzdun gurpil zituen. Danbor batean bildutako soka batean, pisu bat egoten zen zintzilik, eta gurpilek bata bestearekin engranatzean, pisuaren mugimendua igortzen zuten. Pisuaren indar konstantearen eraginez, mugimendua azkartzen joaten zen, baina gurpilen arteko marruskadurak gelditu egiten zuen. Hori zela eta, denbora ez zuten era batere zehatzean neurtzen.

1581ean, Galileok penduluaren mugimendu erregular eta periodikoa aurkitu zuen. Aurkikuntza horri esker, mekanismo hori erabiltzen hasi ziren erlojuen martxa erregulatzeko, eta horri esker, denbora askoz ere zehatzago neurtzen hasi ziren.

Erloju mekanikoak burdinazkoak izaten ziren, eta lehen esan dugun bezala, garai hartan, metal hori eraldatzeko teknikak errementariak bakarrik zirenez, horietariko asko erlojugintzan espezializatu ziren, horretarako betiko instalazioak eta tresnak erabiliz (sutegia, ingudea eta mailuak batez ere). Nahiz eta gaur egun harrigarria iruditu, erlojugintzan aritzen ziren errementari asko beste lanetan ere aritzen ziren, besteak beste burdin hesi artistikoak egiten edo sarrailagintzan. Izan ere, erlojugintzarako erabiltzen ziren baliabide eta teknologia berberekin lan egiten zuten.

Pisu mekanismo bidezko erlojuaPisu mekanismo bidezko erlojua, Diderot eta D’Alemberten arabera. XVIII. mende bukaerakoa.

Zestoako Santa Engrazia ermitako erlojuaZestoako Santa Engrazia ermitako erlojua, Ieregi anaiek 1914an egindakoa. (Antxon Agirre Sorondok utzitakoa).

XIX. mende erdialdera, kanpaidun erloju handiak era industrialean egiten zituzten hainbat enpresa azaldu ziren, eta poliki-poliki maisu erlojugileak ordezkatzen hasi ziren, baita haien eskuzko lanak ere. 1916an, Gasteizko Hijo de Ignacio Murua enpresak honako iragarki hau zeukan "Kanpai galdategi handia eta dorreko erloju lantegia".

Gaur egun, erloju mekaniko zaharren ordez, erloju elektrikoak erabiltzen dira, askoz ere zehatzagoak baitira, bai orratzen mugimenduari dagokionez, baita kanpai-danbadei dagokienez. Izan ere, dena mikroprozesadore batean oinarrituta dagoen zentral batek erregulatzen du, eta ordua irrati bidez Europako zentralarekin sinkronizatuta dago.

Hala ere, iraganean bezalaxe, oraindik erloju publiko zaharrak konpontzeak nahiko garrantzia dauka, nahiz eta horretan jardunean dabiltzan espezialistak gero eta gutxiago izan.