Eskuz eginiko lixiba

Hasierako etxeko lixiba hori, produktu kimikoekin lortutako lixibak ordezkatu zuen poliki-poliki. Produktu kimiko horiek behar bezalako proportziotan nahastuta, lixiba zaharraren eragin bera zuen. Lixibagileek eskuz ekoizten zuten, eta aldi berean, ontziratu eta inguruko herrietan banatzen zuten.

1950eko hamarkada arte eskuz ekoitzitako lixiba honela zegoen osatuta: kare kloruroa eta Solvay sosa (sodio karbonatoa) uretan disolbatuta, eta horri sosa kaustiko pixka bat eta, batzuetan, xaboi pixka bat ere gehitzen zitzaion, aparra sorrarazteko. Lixiba hori egitea oso erraza zen: osagai guztiak ontzi batean nahastu besterik ez zen egin behar.

Kare kloruroa oso oxidatzaile gogorra da, eta horrez gain oihal eta irundako gaiak oso ondo zuritzen ditu, baina zuntzak jan eta ahultzen ditu. Horregatik erabiltzen zen lixiba egiteko, orbanak garbitu eta arropa zuritzeko ahalmena baitzuen. Hala ere, sustantzia hori behar bezala erabiltzen ez zenez, arropa asko berehala hondatzen ziren. Usadiozko etxeko lixibarekin garbitu izanez gero, arropa horiek ez ziren horrenbeste hondatuko. Arrazoi berengatik desinfektatzaile bezala ere erabiltzen zen kare kloruroa, baita usteldutako sustantziak eta gaixotasunak sortzen zituzten bakteriak suntsitzeko ere. Solvay sosak ere arropa zuritzeko ahalmena zuen, baita koipea disolbatzekoa ere.

LixibaLixiba nola egiten zen erakusten, Zerainen (C.U 09/99).

Lixiba lantegietako instalazioak oso sinpleak ziren: lokal batean tamaina ezberdinetako treskak izaten ziren, XX. mendeko lehen herenean gehienetan harrizkoak edo porlanezkoak. Instalazio arrunt batek 2.000 litroko treska bat, 500 litroko bi eta 400 litroko lau treska izaten zituen, eta bertan nahasketak egiteaz gain, lixiba ere gordetzen zuten.

400 litroko tresketan lixiba egiteko, lehenbizi ontzia 350 litro inguru urez betetzen zen, batzuetan beren iturburu batetik lortzen zena. Gero 50 kg kare kloruro eta beste horrenbeste sosa gehitzen zitzaizkion urari. Bi sustantzia horiek kimika industriari erosten zizkieten, eta barriketan ontziratuta jasotzen zituzten. Sustantzia horien proportzioak ondo egiteko, kaxa neurgailu batzuk erabiltzen zituzten: palekin betetzen ziren, eta ondoren, bai sosa baita kare kloruroa, eskuz isurtzen ziren treskako uretara.

Prozedura horiek egiterakoan hauts eta gas narritagarriak sortzen ziren, eta langileen begiak eta arnasa-aparatua asko erresumintzen zituzten. Horregatik, langileek sudurra eta ahoa zapi batekin estali behar zituzten.

Behin dena uretara isuri eta gero, ohol batekin ondo nahasten zen dena, gutxienez ordubetean. Eragiketa hori amaitzean, lortutako likidoa arrea zen, eta horregatik beharrezkoa zen gau osoan jalkitzen uztea.

Hurrengo egunean, nahasketa beste treska batera pasatzen zen, eta lehengo treskan geratzen zen jalkina, erabilgaitza zena, palekin atera eta askotan ibaira botatzen zen. Beste batzuetan, jalkin hori nolabait erabili nahian, futbol zelaiak markatzeko erabiltzen zen.

1930eko hamarkadan, lixiba lantegi askotan prozedura mekanizatu egin zuten, nahasketarako motordun irabiagailu bat jarrita. Motorra lantegiko sabaian zintzilikatzen zen txirrika eta larruzko uhal baten bitartez zebilen.

1970ko hamarkadatik aurrera, lixibagile asko aire-konpresoreak erabiltzen hasi ziren. Hobi baten bitartez, presiodun airea sartzen zuten treska hondotan, ur zurrunbiloak sorrarazi eta horrela ura eta produktu kimikoak hobeto disolbatzeko.

Lixiba eskuz egitenLixiba eskuz egiten. (Julen Zabaletak egindako marrazkia).