Eskuzko papergintza gaur egun

Gaur egun, badago oraindik usadiozko prozesuari jarraituz papera egiten duen artisaurik. Horien artean aipatzekoak dira Zizurkilgo Jabier Biñaras eta Juan Barbes (Eskulan), eta Hondarribiko Jose Ramon Alejandre eta Hilda Alamo (Paperki). Kasu horietan, aipatzekoa da usadiozko fabrikazio-prozesuaz gain, paperari buruzko ikerketak eta obra artistikoak ere egiten dituztela. Paper horiek arte grafikoetarako erabiltzen dira (argitalpen bereziak), baita litografiak, serigrafiak eta kalkografiazko grabatuak egiteko ere.

Gaur egungo papergileek honako lehengaiak erabiltzen dituzte: egositako eta zuritutako zelulosa, eta algodoi edo liho orriak, merkatuan erositakoak. Lehengai horiek portzentaje ezberdinetan nahastuta, paper mota eta kalitate ezberdinak lortzen dituzte.

Zuntzak hotzean listu eta txikitzen dira. Horretarako aska holandar bat erabiltzen dute, 500 litro ingurukoa eta poliesterrean egina. Hortzen zilindroa motor elektriko batek eragiten du. Aska horretan ura eta 50 kilo inguru zelulosa isurtzen dituzte. Nahasketa horri kola eta nahi den koloragarria gehitzen zaizkio. Horrez gain, produktu bakterizidak gehitzen zaizkio, paperaren bizitza luzatzeko, baita kaltzio karbonatoa ere, euri azidotik babesteko.

Kotoi zuntzak txikitu ondoren, 6 edo 7 milimetroko luzera izatetik, 3 edo 4 mm izatera pasatzen dira, eta ertzak erabat listuta geratzen dira. Horri esker, zuntzak elkar gurutzatu eta elkar daitezke paper orria osatzeko. Kotoia xehatu ondoren, orea beste aska batera isuri eta ura gehitzen diote, oso diluituta utziz, % 0,5 edo % 1era. Gero, etengabe irabiatzen dute.

Gaur egungo papergile artisauek, paperaren lodiera orea aska horretan proportzio ezberdinetan nahastuta lortzen dute, eta proportzio horiek eskarmentuari esker ikasten dituzte.

Jarraian, markoa hartu eta betidanik erabili izan diren mugimenduekin, orria egiten dute.

Gero, orri mordoa, feltroekin tartekatuta, prentsa hidrauliko batean jarri eta poliki-poliki zanpatzen da ura kentzeko (% 40 eta % 50 inguruan). Lan hori oso poliki egin behar da, landare-zuntzak ez apurtzeko.

Jarraian, paper orriak lantegiko goiko aldean zintzilikatzen dira, bertan poliki lehortu eta paperak gainontzeko ura gal dezan. Prozesu horrek 48 ordu inguru irauten ditu.

Usadioz, papera giro hezean egiten zen, eta hori langileentzat desabantaila bat gehiago zen.