Aska holandarra

XVIII. mendeko lehen hamarkadetan, trapuak birrintzeko mailu hidraulikoak erabili ordez, aska holandarra erabiltzen hasi ziren. Aska hori arte zurezkoa izaten zen, eta berunez azaleztatua egoten zen. Aska luzeran egurrezko horma batekin erdibituta zegoen. Horma batean, luzerako ardatzeko zilindro bat zegoen, eta hortz asko, 28 inguru zituen txertatuta. Aska hondoa sabeldua zen, eta bertan ere hortz finkoak izaten zituen.

Aska urez eta eskuzapi zatiz betetzen zen. Zilindroak bira egitean, hondoko hortz finkoek eta ardatzekoek ia elkar jotzen zuten. Mugimendu horren ondorioz, eskuzapiak erakarri eta txikitu egiten zituzten. Ordu batzuen buruan, zapiak ore bihurtzen ziren.

Aipatu berri dugun sistemarekin, paper-errota batean, eguneko paper ekoizpena 75 kg zen, nahiz eta hori mailua mugitzeko eta orea garbitzeko erabiltzen zen uraren emariaren araberako izan.

Eskuzapiak eta paper zaharra izpitzeko, bi harri handiz osatutako errotak ere erabili izan ziren. Urarekin nahastutako orea aska batean irauli, eta bertan, bi harri handi horiek biratzen zuten. Harriek trapu eta papera ore bihurtu arte zapaltzen zuten.

Sistema hori, besteak beste, Tolosaldean erabili izan zen, eta 1936 inguruan desagertu zen. Hala ere, papera fintzeko aska holandarra ia 1980 arte erabili izan zen eskualde berean.

Aska holandarraAska holandarra erabiltzen (Argazkia Javier Carballo 06/98).

Papera egiteko oreaPapera egiteko orea (Argazkia Javier Carballo 06/98).

LangileaLangilea, forma edo markoa askatik ateratzen, orez beteta (Argazkia Javier Carballo 06/98).

Ura tantaka xukatzenUra tantaka xukatzen (Argazkia Javier Carballo 06/98).

Orriak bataOrriak bata bestearen gainean, feltrozko xaflak tartean jarrita (Argazkia Javier Carballo 06/98).

Prentsa hidraulikoaPrentsa hidraulikoa erabiliz orriei ura kentzen (Argazkia Javier Carballo 06/98).