Fabrikazio prozesua

Kartutxoa paper lodi orri kiribilduz egindako hodi batekin egiten zen. Hodi horretan sabulita lehergaia sartzen zen, hauts beltz eran.

Hodiak egiteko, paper orriak tamaina ezberdinetan mozten ziren, kartutxo tamaina bakoitzaren arabera. Lan hori emakumeek etxean egiten zuten, lanalditik kanpo, horrela “soldata osatzeko”. Egunero, langileek 1000 orriko bi plegu eramaten zituzten etxera, eta asteburuetan, bikoitza, “igandea aprobetxatzeko”.  Behin etxean zeudela, papera metalezko hodi baten inguruan, eredu gisa erabiltzen zutena eta mandril izenekoa, kiribiltzen zuten. Jarraian, ahoetako bat doblatu eta hodiaren zuloan sartzen zen. Hodiak, bata bestearen gainean jarrita, kaxetan sartu eta lantegira eramaten zituzten.

kartutxoen fabrikazioaLehergaietako kartutxoen fabrikazioa XX. mendearen 30eko hamarkadan (Unión Española de Explosivos-ek eskainia).

Lantegian, aipatutako hodiak lehergaiez betetzen ziren. Lan hori lehergai hautsa egiten zen tokitik urrun eta beste eraikin batean egiten zen, istripurik gertatuz gero, arriskua gutxitzeko. Langileek ontziratu gabeko hauts beltz eran jasotzen zuten lehergai hautsa. Hori ontziratzeko makinaren toberan isurtzen zuten, eta pita batetik ateratzen zen, torloju birakari baten mugimenduaren ondorioz.

Langileek, makinaren aurrean eserita, esku batekin paperezko hodia hartu, pitan ahoratu eta bete egiten zuten. Beteta zegoenean, kendu eta jarraian beste hodi bat jarri behar zuten. Bitartean, beste eskuarekin irekita zegoen ahoa itxi eta zuloan sartzen zuten, lehergaia isurtzea ekiditeko. Makina gelditzen ez zenez, oso garrantzitsua zen hodiak azkar ordeztea, hautsik gal ez zedin.

Lehergaien fabrikako nahasketa-errotaLehergaien fabrikako nahasketa-errota (Unión Española de Explosivos-ek eskainia).

Lehergaiez betetako kartutxoak metalezko saskietan pilatzen ziren, bertikalean. Saski hori parafina likidoan sartzen zen, paperak sustantzia hori xurgatu eta hezetasunik har ez zezan.

Azkenik, kartutxoak bidaltzeko prestatzen ziren. Langileek, mahai gainean, eta betiere eskuz, 2,50 kilogramoko paketetan pilatzen zituzten kartutxoak. Gero, paperean biltzen zituzten, paketea kotoizko zinta batekin lotzen zuten, eta jarraian, berriz ere parafina likidoan sartzen zuten. Azkenik, egurrezko kaxetan ontziratzen ziren paketeak. Kaxa horiek arotz batek egiten zituen bere lantegian, eta horrela, lehergaiak kaxetan bidaltzen ziren meategietara.

ErrotaLehergaiak egiteko erabiltzen zen errota. Atzean, eskuinean, tramel bat. Gallartako Meatzaritzaren Museoa. (Argazkia C.U. 12/2000).

Azaldu berri dugun eran lan eginez, emakume batek 1500 kartutxo bete zitzakeen 8 orduko lanaldi batean.

María Vicenta AlvarezMaria Vicenta Alvarez (C.U. 12/2000).