Lan baldintzak

Meategiko lan-baldintzak garai hartako ohikoenak izan ziren, hau da, XX. mende hasieratik aurrera, lanaldi bukaezinak poliki-poliki laburtzen joan ziren. Meategi barnean aritzen ziren langileen ingurumen baldintzak ez ziren, hain zuzen ere, onak; eta egin beharreko ahalegin fisikoa ere nabarmena zen.

Lortu ahal izan dugun informazioaren arabera, 1966an, 21 langile zituen meategiak. Hiru urte geroago, 16 langile besterik ez zituen, eta asteko 46 ordu egiten zuten lan, urteko 223 egunetan. Hala ere, lanaldi askoz ere luzeagoak oso ohikoak ziren. Eskualdean diote, meategia ia hogeita hamar langile izatera iritsi zela.

Gure iturrien arabera, 1940 inguruan, igeltsuginek egunsentitik gauera arte egiten zuten lan, eta eguneko lau pezeta irabazten zituzten. 1960an, soldata hogeita hamar pezetakoa zen.