Jose Amua artista

Jose Martinez Amuategi Amua (Donostia 1885 – Urnieta 1963), aparteko marrazkilaria izan zen. 1909tik aurrera pertsonaia ezagunen eta eguneroko bizitzako eszenen karikaturak argitaratu zituen Donostiako egunkari eta aldizkari askotan, baita El Pueblo Vasco, Novedades eta Donostiako La Voz de Guipuzcoa egunkarietan ere. 1919tik 1932ra Deban bizi izan zen, eta bertan hasi zen oihalezko figurak egiten, apainketarako bakarrik. Lan horretan bere emazteak, Felisa Gorrotxategik, laguntzen zion, figuren jantziak eginez.

Erakusketa askotan parte hartu zuten, eta besteak beste 1929 Sevillako Erakusketa Iberoamerikarrean urreko domina irabazi zuten. Aldez aurretik beste erakusketetan sariak irabazi zituen; adibidez, Eibarren 1914an egin zen Gipuzkoako Industria eta Eskualdeko Arte Erakusketan ohorezko diploma eta oroipen-domina eman zizkioten. Beste erakusketa batzuetan ere parte hartu zuen: Bilboko Ateneoan (1925), Montevideon (1928) eta, bi urte geroago, La Habanan.

Ideia aurrerakoiko gizona zenez, Gerra Zibila oso froga gogorra izan zen beretzat, eta bere jarduera artistikoari kalte handia egin zion. Kartzelan egon zenean, bere gelakideen marrazki apartak egin zituen, testigantza uzteko. Ondarretako kartzelatik 1940ko ekainean atera zen, eta Mutrikura joan zen bizitzera; eta ondoren, Urnietara.

Bere alaba Teresak (Deba 1919) hainbat liburu argitaratu zituen, eta sari asko jaso zituen. Bere seme Iñakik (Deba 1921), erakusleiho-apaintzaile aparta izan zen. Lanbide horretan 40 urte baino gehiago aritu zen, batez ere Madrilen. Gero aitaren lanbidea mantentzeari ekin zion, batez ere 1985etik aurrera. Bere emazte Bibiana Askasibarrek figurentzako jantzi eta soinekoak egiten zizkion, eta batzuk oso zailak ziren egiten.

Lehen esan dugun bezala, azken urte hauetan, lanbide zail hori Juan Antonio Gisasolari erakutsi dio.

Euskal figura Niceto Alcalá Zamora, II. Errepublikako presidentea, 1932ko irailean Euskal Herrira bisitan etorri zenean, Ostolaza Fundazioak, bi euskal figura oparitu zizkion, biak Jose Amuak egindakoak. Figurek honako hitzak zituzten idatzita: “Gora Alcalá Samora” (Eibarko Udal Artxiboa).