Juan Cruz Gutierrez Zaharberritzailea

Dorreko erlojuak, era horretako beste ondasun batzuk bezala, hondatu egiten diren denboraren poderioz, gizakiaren eraginez edota materialen berezko higaduraz edo nekeaz. Gainera, erlojuak hartu ohi dituzten eraikinek, askotan monumentuak, badute zerikusi hondatze horretan, uraren eraginagatik eta agente biologikoengatik, edota hondamendi naturalengatik.

Horiek horrela, gure kultura ondarekoak diren erlojuak zaharberritu beharra egoten da, hau da, leheneratu egin behar izaten dira, hasierako itxura emanez edo itxura horretara ahal denik eta gehien gerturatuz. Lan hori ez da erraza izaten, eta horretan ari direnek, erlojugintza historikoa ezagutu behar izateaz gain, abilezia eta eskarmentu handia eduki behar dute. Lantegi horretarako artisau maisu espezializatuak behar izaten dira.

Juan Cruz Gutierrez Aparizio da gure erloju-zaharberritzaile ospe- tsuenetako bat. Durangon (Bizkaia) 1957an jaioa bada ere, txiki-txikitatik bizi da Donostian, bere sendia Gipuzkoako hiriburura joan zelako bizitzera. Gaztetatik izan zuen etorkizunean erlojugile izango zenak eskura zituen jostailuak desmuntatu eta muntatzeko zaletasun eta abilezia. Gaitasun aparta horiek izan ziren, apika, hamalau urte zituelarik, lanbide honetara eraman zutenak.

Juan Cruz Gutierrez

Zuzenbide fakultatean lehen ikasturteak gainditu ondoren, erloju-gin- tzari ekin zion, praktikarekin batera aldizkari eta liburu berezituak irakurriz eta lanbidea perfekzionatuz; halaxe egin du bere bizitza profesional osoan. Hasierako etapa hura gaindituz, Juan Cruz beste erloju lantegi batzuetako ondareak erosten aritu da azken urteetan, horiek arrazoi bat edo bestea tarteko itxi behar izan dituztenean, adibidez, jabeak negozioa salgai jarri duenean familian jarraipenik ez zuelako, nahiz eta horrela gure herrian hain errotua zegoen ohitura, ofizioa aitarengandik semearengana aldatzekoa, hautsi.

Erositako material hori guztia, behin berreskuratu eta sailkatu ondoren, ordena harrigarrian biltegiratzen du etorkizunean emango dien erabilerari begira.