Lanbide berezia

Lantaldeak osatzen zituzten langile gehienak, eta bereziki, kaltzadoriak, bide estuko trenbide inguruko baserrietakoak izaten ziren, eta gehienetan ondo ezagutzen zituztelako kontratatzen zituzten. Izan ere, industriak eskaintzen zituen lanpostuekin konparatuta, trenbideko lanak ez ziren batere erakargarriak. Baina baserritarrei gehiago interesatzen zitzaien, urtean zehar lan hori baserriko lanekin batera egin zezaketelako

Lan gogorra izaten zen, urte osoan zehar kanpoan edo aire zabalean egin beharrekoa, eta pisu handiko piezak mugitu eta kargatu behar ziren. Ondorioz, langile askok giltzurruneko mina izaten zuten, eta gerrikoak jantzi behar izaten zituzten. Horrez gain, lan arriskutsua zen, eta ordutegia lanaren araberakoa izaten zen. Izan ere, beharra izanez gero (lur-jausiak, istripuak), ez baitzegoen ez lanegun ezta lanordu mugarik ere.

Hala eta guztiz ere, orain dela gutxi arte, soldata inguruko industriako langileek irabazitakoaren % 60-70 besterik ez da izan. Adibide gisa, 1960ko hamarkada hasieran, kaltzadoriek eguneko 210 pezeta irabazten zituzten, hau da, urteko 76.650 pezeta.

Langile bakoitzak bere jatekoa eramaten zuen (ohikoa zen baserri-ingurunean), eta lantaldeko sukaldariak (arduradunak aukeratutakoa), gehienetan zaharrena izaten zena, egurrezko sutan prestatzen zuen bazkaria. Sukalde berezi hori lantokitik gertuen zegoen etxola ondoan jartzen zen (bertan gordetzen zituzten baita ere arropa eta erremintak). Izan ere, burdinbidean zehar, etxola asko eraiki zituzten. Otorduak (goizerdian eta eguerdian), trabesetan eserita egiten zituzten, lapikoaren inguruan.

Oharra: Gure eskerrik beroenak Jose Adrian Arriaga eta Juanjo Olaizolari, lan hau egiteko informazio ugari eman baitigute.