Segurtasun bila

Gehienetan, langileak burdinbidean zehar oinez joaten ziren lantokira edo alorrera.

Askotan, zegokien etxolara joaten ziren, eta handik, hainbat lagunen artean, bagoneta atera eta trenbidean jarri ondoren, bertan egunerako beharrezkoak ziren erreminta eta ordezko materiala, besteak beste trabesak eta torlojuak, jarri eta burdinbidean zehar bultzaka mugitzen zuten.

Ohiko irudi izaten zen, lantaldeko kide batzuk bagoneta ertzean eserita joatea (araudiaren arabera debekatua zegoen), hankak kanpoaldera zintzilik zituztela; eta beste batzuk, zutik. Erdian erremintak, materiala eta bazkaria zeramaten saski txikiak eramaten zituzten, eta bagoneta aldapan behera abiadura bizian mugitzen zen, balazta gisa egurrezko palanka bat besterik ez zutelarik.

Konponketa lanak egiteko ez zen tren zirkulazioa gelditzen, eta ondorioz, langileek trenak harrapatzeko arriskua izaten zuten. Halaber, azkar egin behar zuten lan, tren zirkulazioa gelditu behar ez izateko.

Trenei lanean ari zirela jakinarazteko, lantaldekoek banderatxo berdeak jartzen zituzten burdinbidearen bi aldetan, lanean ari ziren lekutik distantzia jakin batera (araudiak zehazten zuena). Horrez gain, “langileak, txilibitua jo" zioen kartela ere jartzen zuten.

Beste sistema bat petardoena zen. Letoizko karkasa zuten kanpotik, eta bolboraz beteak egoten ziren. Petardo horiek errail gainean jartzen zituzten, eta trena gainetik pasatzen zenean, lehertu eta langileak gertu zeudela jakinarazten zuten.

Abisu horiek entzutean, langileak trenbidearen bi aldetara baztertzen ziren, trena, ohikoa baino abiadura motelagoan, pasa ondoren, berriz ere lanera itzultzen ziren.

Konponketa lanak tunel batean egin behar zirenean, asko baitzeuden, langileek askoz ere arreta handiagoaz egin behar zuten lan. Tunelak oso estuak zirenez, paretan, hiru zuloka, garita eta hutsune batzuk egoten ziren zulatuta eta karez zurituta (hobeto ikusteko). Trena pasatzen zenean, langileak garita horietan babesten ziren.

Tunel barnean, hasiera batean oliozko kriseiluekin argitzen ziren , eta geroago paretatik zintzilikatu edo lurrean uzten zituzten karburozko kriseiluekin.

Lezamako linea1932ko azaroaren 11ko euriteen ondorioz, Lezamako lineak, Bilbo inguruan, kalte asko izan zituen, eta hori ari dira konpontzen kaltzadoriak.