Kostaldeko egonaldia

Kostaldean igarotzen zituzten hilabeteetan zehar, artzainek baserrian apopilo gisa jan eta lo egiteko hitzarmena egiten zuten baserritarrekin. Jauregialgo-Iribar senar-emazteen arabera, 1956 aldera ostatuaren truke bost pezeta ordaintzen zituzten pertsona eta eguneko. Ardiek jaten zuten bazka eta horiek gordetzeko bordak erabiltzeagatik eguneko 250 pezeta ordaindu behar izaten zituzten (mila erreal). 1980 aldera, eguneko 1.500 edo 2.000 pezeta bitartean ordaintzen zituzten. Jose Esnaolak gogoan du, 1950 aldera, Deba inguruan aziendak bazkatzearen truke eguneko 25 pezeta ordaintzen zituela.

Belarraz gain, ardiei erremolatxa eta arto-mamia ematen zitzaien, eta 1950eko hamarkadatik aurrera alpalpa ere bai. Izozte handiko urteetan, esaterako 1956an, ardiak elikatzea oso lan zaila zen, eta urte hartan, adibidez, jaiotako ahuntz guztiak hil egin ziren.

Kostaldeko egonaldian 160 arkume jaiotzen ziren. Horietatik 119 edo 120 saldu egiten zituzten, eta beste 40 edo 50 Urbasara itzultzen ziren, aurrerakoen hazkuntzarako.

Denboraldi horretan, artzainak inguruko baserrietan ibiltzen ziren, haren artaldeak hango bazka jaten zuen heinean tokiz aldatuz.

Ardiak bazkan, Lastur inguruanArdiak bazkan, Lastur inguruan (atzean ikusten da) 1916an.

Ardiak Arrateko santutegi ondoan bazkanArdiak Arrateko santutegi ondoan bazkan, 1916 aldera. (Argazkia Indalezio Ojanguren).

Inguruko baserritarrak larreak edo zelaiak alokatzearen aldekoak izaten ziren. Izan ere, ardiek baserrietako behiek uzten zituzten zurtoin motzak jaten zituzten, eta horrez gain zelaiak gorotzez ongarritzen zituzten.

Hilabete horietan zehar, Jose eta Karmenek gazta egiten zuten. Jose Esaolak, berriz, jaiotzen ziren arkumeak harakinei saltzen zizkien, batez ere Eibarren, baina baita Deban ere.

Itzulerako bidaiari martxoaren 28 eta apirilaren 15a bitartean ekiten zioten, eta joandako bide berberetik itzultzen ziren, zuzenean Urbasako herri-larreetara. Senar-emazteak txabola zuen Arratondoko kortan, eta bertan igarotzen zituzten urtearen gainontzeko hilabeteak. Seme-alabak Arronan, familiakoen etxean uzten zituzten.

Leku-aldaketa hark kalte egiten zien ardiei, eta 8 edo 10 ardi inguru hil egiten ziren klima aldaketa zela eta. Hala ere, zortzi egun baino gehiago zuten arkumeak beste ardi guztiak bezalaxe bidea egiteko gai ziren. Ardiek, bizitza osoan 8 eta batzuetan baita 10 aldiz ere egiten zuten Urbasatik kostarako joan-etorria.

Hala ere, Jose Esnaola martxoa erdialdera arte egoten zen Deban. Orduan Arratera joaten zen, eta bertan maiatza hasiera arte egoten zen. Azkenik, joandako bide beretik, hiru egunetan, Altzaniara itzultzen zen bere ama eta arrebarekin, eta hara maiatzaren 8rako iristen ziren.

Debara azken aldiz 1962an joan zen, eta Eibarrera, berriz, 1965ean. Ordutik aurrera Ilarduian pasatzen du negua bere artaldearekin batera, eta ardiei pentsua eta alpalpa ematen die jaten.

Patxi Aizpuruarekin batera egindako lana

Artaldea ItziarrenArtaldea Itziarren. Atzealdean XX. mende hasieran herrian zeuden eliza eta etxeak ikus daitezke. (Argazkia Indalezio Ojanguren).

Ardiak Urbasako korta bateanArdiak Urbasako korta batean, bazkan, 1942an. (Argazkia Indalezio Oianguren).