Lan baldintzak eta soldatak

G.G. Azaolak (1827) meatzarien lan baldintza gogorrei buruzko argibide batzuk eskaintzen ditu: "Erremintak eta janariak soinean hartuz, egunero orduak eta orduak egiten dituzte meazuloetara iristeko, denak meatzetik urruti bizi baitira. Bi edo hiru orduko edota gehiagoko bideak egin behar izaten dituzte, bidean lanordu asko galduz; sarritan, eguraldiaren apeta nolakoa, busti-busti eginda iristen ziren, edota leher eginda; egunero-egunero mendira igo beharraz sekulako nekeak hartzen zituzten meategira iristeko erremintak, ogia, ura eta otorduak egiteko behar zutena gainean hartuz".

Eta gehitzen du Azaolak: "indusketa neketsu eta neurrigabeen eraginez hiltzen dira meatzariak, edota behar bezala elikatu gabe gehiegi lan egiteaz, edota lar hezetasunaz eta berehalako tenperatu aldaketen eraginaz, (...) goiz edo beranduago, beraiek gaizki egindako zuloetan hiltzen dira, gainera erortzen zaizkien harriek zapalduta, edota holako lekuetan sarri gertatzen diren biriketako gaixotasunak jota hiltzen dira".

Soldata bost errealekoa zen; F. Elhuyarrek 44 urte lehenago, 1783an, aipatzen duen soldata bera.

Langile taldeaLangile taldea. Haien gaztetasuna (batzuk haurrak) eta jantziak nabarmentzen dira. Eskuinaldera, behean, ustiapenaren jabea edo errentatzailea eta erdian arduradun bat (Gallartako Meatzaritzaren Museoak eskainia).

Gizartea Eraberritzeko Batzordeak (1885) egindako txostenean honakoa adierazten da: "Bizkaiko mea-langileak, Espainiako gainontzekoak bezala, gutxi, gaizki eta garesti jaten du, meatzarien laneko baldintzak kontuan izanik"; eta beste hau gehitzen: "burdinbidetan ari diren bagoneta askok ez dute balazta mekanikorik; mailako pasabideetan ez dago inolako langazainik; bideak zeharkatzen dituzten airetiko tranbiek ez dute inolako babesik, erortzen den meatik jendea babesteko; gauez ari diren trenek ez dute araututako farolik ez argirik eramaten; eta leherketak ez dira behar bezala ohartarazten.

Harri-zulatzaileek, bai aire zabalean bai meazuloetan lan egiten zutenek, jornalaritza finkora lan egiten zuten. Langile-buruak ematen zizkieten aginduak betetzen zituzten eta horiek esaten zieten zein harri zulatu.

Julio Lazurteguiren aipatu lanean adierazten denez, 1910ean aire zabalera lan egiten zuten harri-zulatzaileak esku-lan guztiaren %6 ziren, eta 3,61 pezeta jasotzen zuten, hau da, guardek jasotzen zuten kopuru bera eta langile-buruek baino gutxiago, horiek 4,70 pezeta jasotzen baitzuten. Peoiak langileria guztiaren hiru laurdenak ziren (9.087 peoi eta 11.799 meatzari), eta 3,25 pezeta irabazten zuten. Errementariek ordea 4,5 pezeta irabazten zuten, igeltseroek baino bat gutxiago. Meazuloaren barruan lan egiten zuten harri-zulatzaileek aire zabalean lan egiten zutenek baino %10 inguru gehiago irabazten zuten. Garai horretan, urtean eguneroko lanaldia 10 ordu eta erdikoa izaten zen batez beste, igandetan izan ezik.

Sopuertako meatzariakSopuertako meatzariak, Avelino Ulloa (1915) eta bere emazte Pilar Dieguez (1920) Marino Tellechearekin (1916).

Geroago, ordea, 1939ko irailetik aurrera, harri-zulatzaileen eguneroko gutxiengo soldata 10,50 pezetakoa zen. Kategoria horretan sartzen ziren, halaber, mailukariak, zurkaiztaileak, leherketariak eta garbitzaileak. Garai horretan, peoiek, 18 urtetik gorako langileek, 9,75 pezeta jasotzen zuten eta 0,25 pezeta gehiago "ohiz meazuloaren barruan lan egiten bazuten".

XX. mendeko 40ko hamarraldian aire zabalean ari ziren langileei enpresak lanjantzia eta gomazko botak ematen zizkieten.

Sarritan, zamatzaileek honenbestean lan egiten zuten, eta zenbateko finko bat zuten taldeko eta bagoneta zamatu bakoitzeko. Prezio hori %25eraino gehitu zezaketen langile-buruaren arabera lana ohiz baino zailago edo neketsuago bazen. Taldeak egunero egin beharreko lana 14 edo 16 tonako bagoneta sorta zamatzea izaten zen, eta hori mearen arabera eta lanaren zailtasunaren arabera neurtzen zuen langile-buruak, prezioa jartzeari dagokionez. Horrela finkatutako betebeharra amaituz lanaldia bukatutzat jotzen zen, baina batzuetan lanean jarraitzen zuten, gutxiengo zama hori gainditzen zuen karga bakoitzeko honenbesteko bat jasoz. Edozein modutara, zamatzaileek irabazten zutena harri-zulatzaileek jasotzen zutena baino gutxiago izaten zen. XX. mendeko hogeita hamarreko hamarraldiaren azken hondarretan zamatzaile batek 7,5 pezeta irabazten zuen egunero.

Meazuloetan edo lurrazpiko galerietan, 1940aren inguruan, bi txandetan lan egiten zuten; talde bat aritzen zen goizeko seietatik arratsaldeko ordu bietara, eta bestea, ordu bietatik gaueko hamarretara. Meatzariek geldialdi bat egiten zuten txanda barruan, ogitartekoa eta txokolate ontza batzuk jateko, eta ura baino besterik ez zuten edaten.

Berrogeiko hamarkada arte meatzariek azetilenozko kriseiluz argitzen zuten meazuloa, eta bakoitzak berea eraman behar izaten zuen; argiontzi edo kriseilu bakoitzak 25 pezeta balio zuen garai hartan, hau da, hiru eguneko soldataren baliokidea. Enpresak kilo bat karburo (karbono eta beste gorputz bakun baten arteko konbinazioa) ematen zien astean.

Meatzari batzuk bertakoak ziren, baina baziren beste batzuk, asko gainera, Galizia eta Gaztelatik etorritakoak, edota Asturiastik.

Historian zehar meatzarien lana beti izan da gogorra, sarri lan baldintza arriskutsuetan lan egin behar izaten dutelako. Horrek eragin ezkorra izan du espezialista hauengan. Gainera, meatzarien irabaziak ez du inolako orekarik gorde egiten duten lanarekin.

Denborak aurrera egin ahala, laneko baldintzek ere hobera egin dute, batez ere meategiko erauzketa mekanizatzearen ondorioz, baina meatzari tradizionalaren irudiak, bere eskubideak indarrez defendatzen zuenarenak, bereak egin ditu.

Iturri nagusiak:

  • Avelino Ulloa (Sopuerta)
  • Marino Tellechea (Sopuerta)