Artisautza berritzailea

Gure artisauen lana aztertzen badugu, erraz sartuko zaigu zalantza, trebetasun handiz egindako gailu baten aurrean ala arte-lan baten aurrean ote gauden.

Askotan, alor honetan bertan bi baldintza horiek nahasten dira, eta zaila da esaten non jarri behar den bata eta non bestea. Zalantza hori areagotu baino ez da egiten Josune Mugerzak eta Nerea Lazpitak sortutako Eskulan izeneko dendaren kasuan. Izan ere, bertan egiten dituzten artisau-lanak, ale bakarrak izan ez ezik, balio artistiko eta izaera berritzaile handiak ere dituzten obrak baitira.

Gizakiak betidanik erakutsi izan du beira lantzeko gogo berezia, eta beira da hain zuzen ere, bi artisau horien langai nagusi, “Tiffany” teknika erabiliz etxearen edota norberaren apaingarrirako osagarriak diren piezak sortzeko.

Beira Tiffany sistemaren bidez lantzea, Louis Comfort Tiffanyk asmatu zuen (18.02.1848/17.01.1933). Tiffany sistema, laburbilduz, beira zatiak elkartzea da. Produktua edo pieza osoa eratzeko, zatien ertzetan kobrezko xafla itsaskor bereziak ipini eta gero soldatu egiten dira, era horretan zatiak elkarrekin uztartuz.