Lanbidearen arriskuak

Batzuetan, trenak gehiegizko abiadura hartzen zuen, eta ezin izaten zen balaztatu. Kasu horietan, galgariak beren postuetan geratzen ziren, ahal zuten bezain ondo helduta, trena lautadara errailetatik irten gabe iritsi eta han kontrolatzeko zain.

Trena errailetatik ateratzeko arriskua ikusten bazuten, trenetik salto egin behar zuten, hau martxan zegoela. Desiderio Bueso galgari gisa aritu zen lanean Galdameseko trenbidean, 1955etik 1959 arte. 1959tik 1969arte, trenbidea orduan itxi baitzen, baskula-buru aritu zen. Gogoan du, behin baino gehiagotan egin behar izan zuela salto trenetik, errailetatik ateratzeko puntuan zegoela. Zorionez, ez zuen inoiz min handirik hartu.

Halaber, ohikoa zen langileak bagoi ertzeetara helduta joatean, edo bagoi batetik bestera salto egitean, trenetik erortzea. Baina trena nahiko poliki joaten zenez, gehienetan berriz igotzen ziren. Hala ere, oroitzen du langileren batek horrelako istripu bat izan zuela eta bagoi bateko gurpilek hanka moztu eta hau galdu zuela.