Lanerako baliabideak

Uhalgile honen tailerrean, lehenbizi, lokalaren erdi-erdian dagoen mahai handiaz ohartuko gara. Hortxe lan egiten du artisauak. Horma batean, mahaian lanean ari denarentzat erraz eskuratzeko moduan, bere zereginerako behar dituen lanabesak oholezko taula batean, denak sailkatuta eta bakoitza bere lekuan. Gainera, erakusleiho bat ere badu, bezeroei kasu egiteko, eta bazter batean materialak, lanean erabiliko dituen lehengaiak, larrua gehienbat, era askotakoak baina batez ere abelgorriarenak. Sarri berak egiten dituen lanen eredu batzuk ere erakusten ditu erakusleihoan, edota bezeroari laster entregatu behar dizkion produktuak jartzen ditu horren gainean. Lokalaren ondoan dagoen biltegi txiki batek osatzen du instalazioa.

Uhalgile batek bere lanean erabiltzen dituen erreminten kopurua –larruarekin lan egiten duten beste artisauek erabiltzen dituztenen adina tresna erabiltzen dituzte– benetan da harrigarria. Eskuartean duen produktua konplexua bada egiteko, adibidez, zaldi gainean ibiltzeko zela, ehun eta berrogeita hamarretik gora izan daitezke artisauak erabili behar dituen tresnak. Horiek gaur egunean dendetan erosten badira ere, garai batean nork bere erremintak egiten zituen edota espezialistei erosten.

Uhalgilea laneanUhalgilea lanean.

Erreminta horietan aipagarri dira larrua ebaki edo moztekoak: ilargi erdiko labanak, aho erdikoak eta larrua nahi den zabalerakoa mozteko labana jartzen zaion tresna, eta "korda-pianoa" deitzen zaiona. Larrua zulatzeko, ordea, honako tresnak erabiltzen ditu: era, mota eta tamaina askotako puska-kentzaileak; aipagarria da, berebat, larruzko zirrindolak egiteko gailua. Garrantzitsuak dira, halaber, artaziak eta era askotako guraizeak, gubiak eta zizel-kopak, edota makina txiki bat, larrua nahi den neurriraino zapaltzekoa.

Josteko, egurrezko barailak erabiltzen dira josi nahi diren larru oihalak lotuta edukitzeko, larrua horrela loturik, puntarik gabeko jostorratz eta eztenekin zuloak egiten dira bertatik jostorratzak eta hariak sartzeko. Larruan apaindurak egiteko honako lanabesak erabiltzen dituzte: era askotako erruletak, markatzaileak, makulejoa (bi marken arteko tartea erregulatzeko erabiltzen den tresna), urratzailea eta era askotako forma, zenbaki, hizki eta marrazkiko trokelak eta estanpak, marmol gainean ipinitako larruan jarri eta mailuarekin kolpatzeko. Batzuetan, leungailuak erabiltzen dituzte larrua leuntzeko. Erreminta eta lanabes horiez guztiez gain, larrukigintzan ohikoak diren beste batzuk ere erabiltzen dituzte: eskuaira, erregelak, zur zizelak, bihurkinak, mailuak eta konpasak.