Fabrikazio prozesua

Uhalgilearen lantegia larrua prestatzeaz hasten da (gehienbat, larruaren lodiera lortu nahi den gaiaren neurrira doitzea); ondoren, produktua egiteko behar dituen zatiak mozten ditu eta josten. Batzuetan, zatiak kolarekin itsasten ditu, batez ere errazago josteko, zuloak egiteko eta apaintzeko.

Laborantzako zalditeriarentzat egiten dituzten lanabesetan aipagarri dira lepuztaiak, aho-uhalak, golde-belarriak, kopet-gainak, kabesturuak, zaldi-ilaretako gurdiaren uhalak, gurdirako aulkiak, mahastiak landatzeko aulkiak, hedetzarrak, sabel-uhalak eta galgak, hala nola, kopetakoak eta bardiak (uztarri azpian doana; bertan lotzen da gurdiaren pertika). Pneumatikoen gomazko zoladun abarkak ere egiten zituzten mahastien laiaketarako.

Uhalgileen lanaren xehetasunak

Uhalgileen lanaren xehetasunak

Uhalgileen lanaren xehetasunak (C.U. 09/2001).

Merkatuan zela modeloen kopuru ikaragarria dago, baina zela edo zaltoki bat egiteko eskarmentu profesional handia behar da eta batez ere gaur egun arreta handiz lan egitea. Kontuan izan behar baita gaur egun zela bat erosten duena gehienbat erosmen handikoa izaten dela.

Antxon Agirre Sorondok emandako berrien arabera, artisauak lehenbizi osagaiak egiten ditu, eta ondoren horiek banan bana muntatzen joaten da, harik eta zela osatu arte. Artisaua hasiera batean aurrez fabrikatutako egurrezko armazoiaz baliatzen da zelaren atal desberdinak zaldunaren neurri eta gustura moldatzeko. Lehenbizi, aulkiaren bigungarria jarriko du, eta hori kalitatezko larru onduaz larruztatuko. Ondoren, hegalak eta eusteko uhalak, horiek armazoiari josita, eta albo bakoitzean, lumatxak, gainean jartzerakoan zaldiari inolako minik ez egiteko. Koloreztatzeko bainua eman eta ezkoztatu ondoren, zela prestatuta dago bezeroari emateko.

Lepuztaien fabrikazio tradizionala (era askotako modeloak egiten dira, zalditeri motari doituak) gorputzetik hasten da; ohiz, ahuntz edo ardi larrua erabiltzen da karamukoa egiteko. Lehenbizi busti egiten da eta ondoren bihurritu eta zekalearen lastoz eta artilez bete; ondoren, josi. Lan hori "gorputz-egileak" izeneko espezialistek egiten zuten; horiek ohiz uhalgileentzat jarduten zuten lan.

Lepuztaia egiteko prozesuaLepuztaia egiteko prozesua. (Julen Zabaletaren marrazkia).

Ondoren, lepuztaien gorputza indartzeko lana zetorren, hau da, larruztatzea, eta horretarako patroi edo molde batzuk erabiltzen dituzte taxu egokia emateko. Azkenik, josi eta egurrezko saihetsak jarri eta behiaren larruz egindako aletxe batzuk egin eta lotu, franjaleteak beharriekin (bi lepuztai bakoitzeko) lotzeko. Lepuztaia irekitzeko goiko eta beheko giltzak jarri ondoren, lau uhal jartzen zaizkio zuloekin animaliaren lepoari eusteko.

Egin bidean dagoen zela edo zaltokiaEgin bidean dagoen zela edo zaltokia.