Lizarrako sokagilea

Esan daiteke usadiozko sokagintza desagertu egin zela, industrializazioaren ondorioz soka eskaria gutxitu baitzen eta ekonomikoki ez baitzen errentagarria. Horri guztiari lan-baldintza gogorrak ere gehitu behar zitzaizkion. Hala ere, Lizarrako Jose Manuel Zufiaurre Barbarinek, 1923ko abuztuaren 27an jaioak, oraindik lanbidean dihardu.

Bere aitona Jose Manuel Urdiaindik iritsi zen Lizarrara XIX. mendeko bigarren erdialdean, eta sokagile gisa egiten zuen lan. Bere seme Salvadorrek (1886an jaioa) lanbidearekin jarraitu zuen, eta bere bi seme Ricardo (dagoeneko hila) eta Jose Manueli lanbidea erakutsi zien.

Azken hori 1936an hasi zen lanbidean, ikastun gisa, 9 urte zituela. Gaur egun, bere etxeko goiko solairuan du lantegia, eta behekoan bere produktuak saltzen ditu.

Zufiaurre dendanSokagilea (J.M. Zufiaurre) bere produktuak saltzen dituen dendan (Argazkia Amaia Ros 97/02).

Lehen aipatu dugun gurpila motorizatu den arren, prozesuaren gainontzeko lan guztiak berdin mantendu dira. Jose Manuelen arabera “hiruteak lanaren funtsa izaten jarraitzen du”, eta ezin dira ahaztu “hariak luzatzeko, okertzeko eta bihurritzeko (tronpa erabiliz) lanak, sarearekin soka leuntzeko lanak, baita soka bustitzeko lanak, bilorria kendu eta distira emateko”.

Sokez gain, Lizarrako sokagile horrek sokarekin zerikusi handia duten bestelako produktu asko ere egiten ditu. Hala ere, eskaria oso txikia denez, bestelako tresnak ere egin behar izan ditu (danborretarako kordelak, zingilak, bainu-eskularruak, katuek atzamarkatzeko tresnak, erloju zaharretako pisuetarako trailak eta abar). Horretarako, betiko kalamuaz gain, agabe-zuntza, jutea eta material sintetikoa ere erabiltzen ditu.

Jose Manuel Zufiaurrek lan egiteari uzten dionean, gure betiko sokagile-maisu kutunetako bat desagertuko da, baita azkenetako bat ere; seguru asko, inork ez baitu jarraituko lanbidearekin.