Materialak prestatzea

Sokaren ehun-zuntzak egiteko egitura egokia duten landare-zuntz asko badaude ere, egokiena kalamua da, eta hori da, hain zuzen ere, erabiliena.

Kalamua erein ondoren, uda bukaeran, kimuek kolore horixka bat hartzen zutenean, kanabera-bilketa hasten zen. Kanabera horiek sortetan bildu ondoren, uretan sartzen ziren, pixka bat usteltzeko. Jarrian, zuntzak ezpatatu egiten ziren, hau da, zuntzak kanaberatik (hondakinetik) askatu egiten ziren. Kanaberak uretan zenbat denboran izan behar ziren jakiteko eskarmentu handia izan behar zen, batez ere landarearen heltze puntuaren eta ingurugiro-baldintzen araberakoa izaten baitzen. Eragiketa hori egin ondoren, sortak lehortzen uzten ziren, lehenbizi bata bestearen kontra jarrita, eta jarraian, sortak askatu ondoren, lurrean zabalduta. Hori zen sistema merkeena, baina bestelako sistemak ere erabili izan ziren, horien artean ur-lurrina eta bainu elektrolitikoak.

Iruna osatzen zuten zuntzak eskuz banatzen ziren gehienetan, nahiz eta batzuetan prozedura mekanizaturen bat ere erabili zen. Esaterako, subarats batekin liho-zakarra kirru edo kalamu landugabetik banatzen zen.

Kalamua ia garbia zutenean, altzairuzko punta zorrotzekin orrazten zen, liho-zakar guztia erabat kendu eta horrela leuntzeko. Kendutako liho-zakarra iztuparako bakarrik erabiltzen zen, eta gainontzekoa, sokak egiteko.

Gure inguruan, Nafarroan kalamua ereiten bazen ere, gehienetan Callosa de Segura (Alacant) herritik dagoeneko prestatuta eta matazetan banatuta iristen zen.