Luis Lopez kutxatila egilea

Luis Lopez Caeiro (Santiago de Compostela / Galizia, 1955) hiru urte zituela etorri zen Donostiara gurasoekin. Gaztetandik laguntzaile lan desberdin ugari egin zituen Donostiako inguruneetako enpresa eta dendetan. Hasierako oinarrizko ikasketak egin ondoren, industria diseinuko ikasketak egin zituen eta aldi berean eraikuntzako enpresa batean delineatzaile lana burutu zuen.

Mario Ramos Donostiako Urbieta kalean lanean aritzen zen kutxatila egile ezagunarekin izan zuen harremanaren ondorioz ezagutu zuen lanbide hau. Maisuak 1985. urtean hartu zuen erretiroa, eta orduan Luis Lopezek haren produkziorako baliabideak hartu eta tailerra jarri zuen martxan. Gaur egun tailer horrek CA Iro. estuches y derivados izenarekin dihardu lanean Donostiako Amara auzoan.

Mario Ramosengandik jasotako irakaspenak funtsezkoak izan dira kutxatila egile izateko formazioan, baina, horietaz gain beste hainbat artisau maisurekin aritu da ikasten, besteak beste urreztatzea, larruaren tratamendua, zurgintza eta marrazketaren hobekuntza bezalako teknika espezifikoak lantzeko. Era berean, gaineratu behar da bere jarduerarekin zerikusia duten ikastaro batzuetan ere parte hartu duela.

Artisauak 120 m koadro inguruko bi lokal atxiki ditu, eta horietaz gain 40 metroko solairuarte bat ere erabiltzen du. Ia erabat artisau lana egiten duenez, erabiltzen duen makina kopuru eta mota oso murritza da: gillotinak, zizailak, kolatzeko makinak eta urreztatzeko eskuzko instalazio bat soilik erabiltzen ditu. Gauza bera esan liteke erremintei dagokienez. Honakoak dira nagusiki erabilt zen dituenak: pistolak, grapagailu pneumatikoak, lixatzeko eskuzko makinak, zerrak, mailuak eta zizelak.

Luis Lopez