Produkzio prozesua

Kutxak egiteko prozesuak bi fase bereizi dauzka. Lehen fasea kutxa osatzen duten taulak prestatzekoa da, eta bigarrena apaindurarena, kasu askotan benetako tailla-lan artistikoak izaten baitira. Xaflak egokitzeko prozesua aparteko arazorik gabeko arotziako lana izaten da. Aitzitik, tailla-lanak trebetasuna behar du, eta esperientzia ezinbestekoa da horretarako. Profesional hauen kasuan pazientzia eta ongi egindako lanagatiko poza ohikoak dira.

Henrike Arriaga.

Kutxa eta apaindura modeloak asko eta asko direnez, lehen eginbeharrekoa da bezeroarekin zur mota adostea, egingo den kutxa eta taillarekin batera. Kontu horiek zehaztu ondoren, taillaginak lanari ekiten dio; horretarako, zura lan-mahaian lotzen du, sarjentak erabiliz, eta presio bidez kalkatzen du aurrez egin duen taillatu beharreko irudiaren marrazkia. Zur gainera makurtuta, lanean hasten da, lehen arbastatze batez; hurrena, tailla-lanari berari heltzen dio, arreta handiz eta konpasaren bidez distantziak neurtuta. Beharrezko irizten dionean tresna aldatzen du, eta esku batez heltzen dion tresna beste eskuan duen zurmailuaz jotzen du.

Jose Pablo Arriaga.

Hainbat ordutan jardun ondoren horretan, eta lanabesak behin baino gehiago aldatuta, eskulangileak lortu nahi duena lortzen du, betiere dituen jakintza eta trebetasunaren arabera. Azken lanak argizari birjinazko bi geruza eta nogalinaz kolorea ematea dira.

Arriagatarrek egiten dituzten kutxen ezaugarria estilo pertsonala da, hamarkadetan zehar mantendua. Horri esker, beti-beti paregabeko piezak ateratzen dira.