Materialak, lantresnak eta prozesua

Felixek lanerako erabiltzen duen material nagusia ezpela da, ilargi beteko gauetan mendian moztutakoa, iraila eta abendua bitartean, “eta ahal bada, egun oskarbietan”. Oso gutxitan hagina edo jerboa, eta oso-oso bakanetan hurritza, bastoiak egiteko bereziki, eta irabiagailu-kirtenak, eta zumea, azken horiek behar dituzten hegalak egiteko. Lehen tokian aipatutako zuhaixka Burgoseko Hoz de Valdivielso herrian lortzen du, eta azken tokian aipatu duguna, berriz, ibai-ertzetan. Material horiek guztiak “landu” egin behar dira beti, neurriaren eta motaren araberako denbora jakin batez “egosiz”, pitzatu ez daitezen, eta gero lehortzen utzi, “zenbat eta denbora gehiagoz hobeto”.

Felixek erabili ohi dituen lantresna gehienak berak eginak dira: ohiko bizar-labanen xaflak edo industrian erabiltzen diren zerra-xaflak, denak bere beharretara eguneratuak. Beti erabili ohi diruen tresnen artean honako hauek daude: gubiak, xaflak altzairu herdoilgaitzezkoak, banku-torloju bat, esku-zerrak, arraspak, limak eta aizkorak, denak neurri eta gaitasun ezberdinekoak.

Felix BarcinaFelix Barcina, koilara bati pirograbatua ezartzen.

Sukalderako edota apaingarri gisa ipintzeko tresnak egiteko orduan, Felix Barcinak eskuz betetzen du hasieratik amaiera arte zura eraldatzeko prozesua, hau da, inolako makinaren laguntzarik gabe, gaur egun ezohikotzat jo daitekeena.

50 metro karratuko tailerra dauka, batez ere, mahai, apal-sail, lantresna eta oraindik amaitzeke edo jada amaituta dauden produktuez beteta. Zuraren tratamendua eta lehortze-prozesuaren parte bat tailerretik kanpo dagoen beste lokal batean egiten du.

Sardexka bat leuntzenSardexka bat leuntzen. (Argazkia: Julen Zabaleta).

Adibideren bat topatu, eta 500 mm-ko luzera duen zalia eta sardexka bat egiteko prozesuak aipatuko ditugu labur. 500 mm-ko luzera duen zaliaren kasuan, behin material prestatuta dagoenean, metro erdiko luzera, 150 mm-ko lodiera eta 17 bat kilo dituen enbor batekin hasiko da. Felixek, ezker-eskuarekin, ezkerra baita berez, bitan banatzen du esku-zerra batekin. Gero isurketa-zaliaren perfilak marraztuko ditu alde bakoitzaren gainean, eta segidan, lantresna bera erabiliz, kirten-zuraren ertzak jaitsiko ditu, bere inguru osoan. Jarraian, gubiarekin, itxura konkaboa duen burua edo edukiontzia egiten du, eta horretarako, dudarik ez egin, trebetasun berezia behar da.

Sardexkaren kasuan, berriz, prozesua bera da pieza enborretik ateratzen duen arte, esku-zerra baten bidez ziriak/hortzak egiteko. Lixatu, bi kasuetan egiten du. Ez die piezei barniza ematen, erre-kolore arina nahiago baitu. Batzuetan pirograbatua erabiltzen du.

Felixek 24 sardexka eta 30 zali egiten ditu 8 orduko lanegun batean, gutxi gora-behera.