Objektu artistikoen forjariak

Burdinaren eraldaketa, garai bakoitzean eskatzen zituzten produktuak sortzera zuzendua, gure Herrialdeko eskulangileetako askoren jarduera tradizionaletako bat izan da, duela mende askotatik hona, bereziki eskualde jakin batzuetan. Lanbide honen barnean, forjaketaren teknikak asko erabili izan dira objektu sorta handi bat egiteko, besteak beste eguneroko bizimoduan erabiltzen zirenetarako.

Lanbide batean jarduteko beharrezko ezagutza belaunaldiz belaunaldi igaro ohi zen. Batez ere maisuen lana ikusiz ikasten zen, eta lehenbiziko hiriguneak sortu eta gremioak eratu zirenean, hauek hasi ziren ikasketarekin lotutako guztia arautzen. XIX. mendearen bigarren erdialdean desagertu zirenean, nabarmen aldatu ziren ordura arteko praktikak.

Azken hamarkadetan, forjari maisu eskulangileek zeharo aldatu behar izan dituzte egiten zituzten objektuak, zeren eta produkzio industrializatuak eskulangintza tradizionalaren produkzioaren parte bat eskaintzen baitu, izugarri prezio lehiakorretan, eta horrelakoak eskatzen dituztenek bere beharrak asetzeko egokitzat dituzte gainera. Gauzak horrela, batez ere apaindurarako produktuak egitera bideratu behar izan dituzte ahaleginak, batzuetan erabilera funtzional bat ere baduten arren.

Eskulangile horietako bat Cesar Alcoz nafarra da. Bizkaian bizi da, forjaketa artistikoan espezializatuta dago, eta balio handiko objektuak egiten ditu.