Orain dela hiru mendetako sakristau kanpai-joleak

Kalagorri eta Galtzadako gotzaindegiko 1700eko "Constituciones Synodales"-en (sinodo edo gotzainen kontzilioen erabakiak), sakristauen eginbeharrak oso zehazki xedatzen dira, eta horien artean kanpaiak jotzea, jo behar zirenean. Ondorengo hau zehazten zen: “Kontu handia izango dute kanpaiek Ave Maria betiko orduetan jo dezaten, eta horrez gain arimengatik seinale bikoitza egin dezaten.Igande eta festa egunetan, eguerdia pasa ondoren kanpaia joko dute herritarrak doktrina kristaua entzutera etor daitezen, eta barau egun aurreko gauean elizako kanpaiarekin horretarako erabaki duten seinalea egin beharko dute manua denei gogorarazteko."

Sakristau kanpai-joleei kanpaien zaintzaren ardura ere ematen zitzaien, honako hau nabarmentzean:

Kanpandorrea ondo zaindu behar du, eta mutikoei ez die utziko bertara igotzen. Hala bada, bera aurrean egon beharko da, eta ez die utziko, gehienetan egiten duten bezala, soinu handiagoa egin dezaten kanpaiei harrikadarik ematen, horrela puskatu egiten direlako.

Deigarria da mezetarako ardoaren kalitateari buruz azaltzen zen kezka, kalitatezkoa eta inolako nahasketarik gabekoa izan behar zuena, eta horretarako "hemendik aurrera sakristaua inguruan topatu daitekeen ardorik onena ekartzeaz arduratu behar dela agintzen dugu. Eta mendiko edo itsasertzeko herrietan, txokolin bezala ezagutzen den ardo ahul eta makalak izaten dira, heldu gabeko mahatsarekin egindakoak eta gordinak direnez, gehienetan garratzak izaten dira edo bestela minduak egoten dira. Horregatik agintzen dugu mezetako eskaintzan ardo horiek ez erabiltzea, eta horien ordez Errioxa, Gaztela edo Nafarroako ardoa erabiltzea, bedeinkatu behar den edariari buruzko nazka desagertu dadin. Beraz, inolako zalantzarik gabe, erabili beharko den ardoa mahatsena izango da, bere izatearen osotasunean.

Dagoeneko orain dela hiru mende, sakristauak eta ondorioz kanpai-joleak elizgizon izaten jarraitzeko arazo ugari zegoen. Izan ere, Kalagorri eta Galtzadako gotzaindegiko eliza askotan apaiz bakar bat izaten zen, inolako laguntzailerik gabe. Horregatik, eliza guztietan sakristau bat izatea agindu zen, nahiz eta sekular edo laiko izan: “Apaizik ezean, diakonoa izango da, eta horren ezean subdiakonoa izango da. Hori ezin bada hala izan, orden txikiago batekoa izango da, eta ez badago inolako ikasle ordenatu edo apaizturik, orduan bizimodu zuzeneko eta ospe oneko pertsona sekularra izango da. Ordenatutako edozein sekularra baino gehiago nahiago izango da, ohiko soldata eta eskubideekin. Inolako elizgizonik aurkitu ezean, eta sakristauak laikoa izan behar badu, ezkongabea izan dadila saiatu, eta ez ezkondua."

Ematen zitzaizkien eginbeharrei buruz, oso kontrol zorrotza zehazten zen, ondorengo testu honen bitartez: “Gainera, zehaztu eta agintzen dugu: apaizek eta onuradunek izendatutako sakristau horrek hitz emango du, entregatutako elizako zilarraren, eliz jantzien eta elizako bestelako ondasunen berri emango duela. Gainera, jasotzen duen guztia inbentarioaren araberakoa izango da, aurretik eskribauaren aurrean egindakoa, eta apaizak, etxezainak eta sakristauak berak sinatu beharko dutena."

Jose Irusta IrustaErdian, eserita, Altzolako kanpai-jolea: Jose Irusta Irusta. Eskuinean, zutik eta galtza motzekin, Pako Isasti Irusta, gaur egungo kanpai-jolea, 1948an. (Isasti familiak utzitakoa).